Itxi

Zinema

Mexikon

Unax Ugalde saritu dute Guadalajarako Nazioarteko Zinema jaialdian

Erredakzioa

Aktore onenaren saria lortu du arabarrak, 'Cefalópodo' filmean egindako lanagatik. 'Retratos de un mar de mentiras' lan kolonbiarrak eskuratu du Iberoamerikako film onenaren saria.

Aktore onenaren saria lortu du Unax Ugaldek Guadalajarako Nazioarteko Zinema jaialdiaren 25.edizioan. Martxoaren 12tik 19ra bitartean egin dute jaialdia Mexikon, eta Ruben Imaz zuzendariaren Cefalopodo filmean egin duen lanagatik saritu dute aktore gasteiztarra aurtengo edizioan. Mexikoko opera prima onenaren saria ere lortu du filmak.

Sebastian margolari gaztearen istorioa kontatzen du lanak. Neska laguna hil berri zaio Sebastiani, eta Mexikoko hiriburura bidaia egitea erabakiko du artistak. Oinarrietara itzuli eta barne bakea topatzea du helburu, eta bidaia horretan Sonora estatura iritsiko da, bertan txibia erraldoi bat aurki nahian. Txibia ezezagunaren begirada izango du han zain, eta Sebastianen beraren arima gertutik ezagutzeko aukera bide batez.

Saritutako lan gehiago

Carlos Gaviria zuzendariaren Retratos de un mar de mentiras filmak irabazi du fikziozko Iberoamerikako film luzeen saria. Sebastian Corderoren Rabia izan da beste irabazleetako bat, zuzendari onenaren, argazkilaritza onenaren eta aktore onenaren saria lortu baititu. Fikziozko Mexikoko film luzeen atalean Nicolas Peredaren Perpetuum Mobile lanak irabazi du. Maria Novaroren Las buenas hierbas lanak ere hainbat aipamen jaso ditu, tartean gidoi onenarena, aktore emakumezko onenarena eta zuzendaritza onenarena. Publikoaren saria, Mezcal saria eta Latinofusion sariak ere eskuratu ditu.

Perpetuum Mobile eta Las buenas hierbas filmak Urrezko Globoetarako proposatu dituzte.