Zinema
'Biutiful' lanarekin
Bardem, aktore onenaren sarirako faboritoa Cannesen
Erredakzioa
Alejandro Gonzalez Iñarrituk zuzenduta, zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu da 'Biutiful' filma.
Hilaren 23an bukatuko da aurtengo Canneseko zinemaldia, eta bertan Javier Bardem espainiarra da aktore onenaren saria lortzeko faboritoa, orain arte behintzat. Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendariaren Biutiful filman Bardemek egin duen lana goraipatu dute gaur Cannesen, pelikularen aurkezpenean. Aurtengo edizioko Urrezko Palma lortzeko sail ofizialean lehiatzen da Iñarrituren azken lana.
Uxbal (Bardem) da pelikula honetako protagonista. Ustelkeriaz eta esplotazioaz inguratuta bizi da, txinatar etorkinak esplotatzen dituen enpresa baten eta enpresa horretako merkantzia Bartzelonako kaleetan saltzen duten afrikarren arteko bitartekaria baita Bardemen pertsonaia. Gainera, bi seme-alaba eta emazte bipolarra dauzka Uxabalek; eta horren ondorioz, bikotearen arteko harremana zaila eta aldizkakoa da.
Iñarrituk berak goraipatu du Bardemek film honetan egiten duen lana. Zuzendariak adierazi duenez, ''''aktore espainiarrak berriz ere erakutsi ditu bere talentua eta eskarmentua''''. ''''Egungo gizarte honetan pertsona askok bizi dute Uxbalena bezalako muturreko egoera konplexu bat, eta Javierrek sinesgarri egiten du egoera hori'''', gaineratu du zuzendariak.
Iñarriturekin egindako lanari buruz aritu da Bardem aurkezpenean, eta ''''xehetasunak zaintzen dakien zuzendaria'''' dela esan du. Horrek muturreko egoera horretan bizi den pertsonaia garatzen lagundu omen dio. ''''Amodioa eta errukia galdu gabe egoera horretan bizirauten saiatzen den pertsonaia da Uxbal'''', esan du Bardemek.
''''Babel da, baina eszena batean''''
Iñarrituk Guillermo Arriaga gidoilariaren laguntzarik gabe egiten duen lehen lana da Biutiful. Oraingoan bere ideia batean oinarritutako istorioa landu du zuzendari ezagunak, Nicolas Giacoboneren eta Armando Boren laguntzarekin.
Istorio lineala sortu du oraingoan Iñarrituk, zuzendariarentzat erronka bihurtu dena. Izan ere, aurreko filmetan istorioen nahasketan oinarrituta egin izan du lan, etengabe denbora saltoak eginaz. Iñarrituk berak aitortu duenez, ''''oinarrian berdina da, baina ezberdina''''. ''''Aurrekoetan istorio konplexuak kontatzen nituen, forma sinplea erabiliz; eta oraingo hau istorio benetan sinplea da. Babel da, baina eszena batean'''', gaineratu du.