Zinema
Dokumental onenaren Oscarra
'The Cove' lanaren estreinaurrekoa, Donostiako Surfilm jaialdian
Erredakzioa
Japonian egiten duten delfinen hilketa salatzen du. Bertako hainbat zinema aretotik filma kendu behar izan dute, talde ultra nazionalisten mehatxuengatik. Aste honetan estreinatuko da geurean.
The Cove dokumentalaren estreinaurrekoa egin dute Donostiako Principe zinema aretoetan. Delfinen hilketa salatzen dute bertan, eta 2010eko Oscarretan dokumental onenaren saria eskuratu zuen lanak.
Emanaldia Amstel Surfilm Festival jaialdiaren VIII. edizioaren barnean kokatzen da. Surfa lantzen duten film labur eta film luzeen lehiaketa da Amstel Surfilm Festival. Donostiako estreinaurrekoaren ondoren, ostiralean iritsiko da dokumentala gure zinema aretoetara.
Louie Psihoyos zinemagileak zuzenduta, Japonia kostaldeko Taiji herrixka txikian grabatu dute lana. Itxuraz delfinekiko grina dute bertan, baina itxura horren azpian sekretu bat gordetzen dute: ezkutuko senaia batean, alanbre-hesi batekin babestuta, errealitate erabat ezberdina gordetzen dute. Gauean delfinak ezkutuan harrapatzen dituzte bertan. Richard O´Barry delfin entrenatzaile ezaguna buru dutela, aktibista talde bateko kideek misio arriskutsuari ekingo diote: leku misteriotsu horretan ezkutatzen dena agerian uztea.
Japoniako hainbat zinema-aretotik lana kendu behar izan dute, talde ultra nazionalisten eta kontserbadoreen mehatxuengatik.