Zinema
Asteko estreinaldiak
'Lope' filma eta Disneyren bi ipuin, aurrez-aurre karteleran
Erredakzioa
Estreinaldien artean Lope de Vega dramagilearen bizitzari buruzko filmea, Disneyren 'Campanilla y el gran rescate' eta 'El aprendiz de brujo', eta Jennifer Anistonen azken komedia aurki ditzakegu.
Disneyren azken bi ekoizpenak, Jennifer Aniston haurdun eta Lope de Vega eta John Keats idazleen bizitzak dira ostiral honetako estreinaldi nabarmenenak.
Andrucha Waddington brasildarrak zuzenduta, zinema-aretoetara iritsi zaigu Lope filma. Alberto Amann, Leonor Waitling, Pilar Lopez de Ayala, Juan Diego eta Luis Tosar ditu protagonista. Lope de Vega dramagilearen bizitza du hizpide. 1588. urtean girotuta, guda bukatu ostean Madrilera itzuli da Lope. Hortik aurrera, antzerkian lan egiten saiatuko da eta aldi berean, bi emakume indartsuen amodioa ezagutuko du: Elena Osoriorena (Lopez de Ayala) eta Isabel de Urbinarena (Waitling). Lehiaketaz kanpo aurkeztuko dute zinta hau Veneziako eta Torontoko aurtengo Zinemaldietan.
Bi estreinaldi ekarri ditu zinema-aretoetara Wall Disneyek. El aprendiz de brujo abenturaz beteriko komedia dugu. Nicolas Cage, Monica Belluci, Jay Baruchel eta Alfred Molina ditu protagonista. Balthazar Blake aztia hiria defendatzen arituko da; horren ondorioz, Maxim Horvath etsaiari aurre egin beharko dio.
Disneyren beste estreinaldia Campanillas y el gran rescate da. Bradley Raymonden zinemagilearen eskutik datorkigu eta umeei zuzendutako maitagarri-ipuina da. Oporretan dagoela, neskato batek Campanilla aurkitu eta etxera eraman du. Hori dela eta, erreskatatzeko plan prestatuko dute gainerako maitagarriek.
Bright Star beste idazle baten bizitza du mintzagai, kasu honetan, Britainia Handiko John Keats olerkagile erromantikoarena. Jane Campionen esku izan dira gidoi eta zuzendari ardurak eta Abbie Cornish, Ben Whishaw eta Paul Schneider ditu protagonista. Zinema Independentearen Britaniar Sarietan, Pelikula Onenaren eta Zuzendari Onenaren sarietarako hautagaitzak lortu zituen filmak.
Jennifer Anistonek ama izan nahi du eta bakarkako haurdunaldiari ekingo dio Un pequeño cambio zintan. Pequeña Miss Sunshine eta Election filmeen ekoizleen eskutik datorkigu. Anistonekin batera, Jason Bateman eta Juliette Lewis izango dira komedia honetan.
Danimarkatik heldu zaigu Submarino, Jonas T. Bengtsson idazlearen eleberriaren zinemarako moldaketa. Nick eta bere anaia txikiaren istorioa du mintzagai. Pelikula hau Berlinale Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatuko da eta Valentziako Nazioarteko Cinema Jove jaialdian aurkeztu zuten.