Itxi

Zinema

Biografia

Manuel Alexandre, aparejadoretarako zihoan aktorea

Erredakzioa

40ko hamarkadan ekin zion antzerkiari Español Antzokian eta orain gutxira arte eutsi dio aktore lanari. Gazte-gaztetan, baina, zuzenbidea eta kazetaritza ere izan zituen jomugan.

Bere ahotsagatik ezagutuko zuen ziur aski jende ugarik Manuel Alexandre, film bateko "bigarren papera" bikain egikaritzen zituen gizona. 300 pelikula baino gehiago egin zituen gizon txiki-handiak, ''Bienvenido, Mr. Marshall'', ''Calle mayor'' eta ''Amanece que no es poco'' tartean.

Manuel Alexandre Madrilen jaio zen duela 92 urte, Paloma auzoan. Aparejadore ikasketak hasi zituen lehenbizi eta Zuzenbideari ekin zion gero, baina bi "bokazio" horiek alde batera utzi eta Arte Dramatikoaren Erret Kontserbatorioan izena eman zuen, aitari iturgintza tailer batean laguntzen zion bitartean.

1936an, berriz, kazetaritza ikasten hasi zen baina gerra zibilak bertan behera utzi zuen bide berri hura. Azkenean, 40ko hamarkada erdian antzerkigintzari lotu zitzaion buru belarri.

Une horretatik aurrera telebistako lanak eta antzerkiko lanak uztartzen hasi zen eta "Estudio 1" arrastatsua nahiz "Los ladrones van a la oficina" saritua egiten zituen bitartean, Estatuko hainbat antzokitan izan zen hamaika obrarekin.

2003an Ohorezko Goya jaso zuen eta "zahartu arte honetan" jarraitzen utz ziezaiotela eskatu zuen. Horrela izan da eta iaz bertan jaso zuen bere azken saria: Alfonso X. Jakintsuaren Arte Ederretako Merituaren Domina.

Bere azken lana telebistarako izan zen, Francoren paperenan, 20-N ttelesaioan.

Minbizia zeukan eta azken hilabeteetan gainbehera handia izan zuen Manuel Alexandrek. Egunak zeramatzan Madrilgo San Camilo eritetxean eta gaur goizean, 07:30ean hil da.

Español Antzokian izango da bihartik aurrera hil-kapera, familiak hala eskatuta.