Zinema
Estreinaurrekoa, Bilbon
'Blog', Elena Trapéren lehen pelikula, urtarrilaren 21ean iritsiko da
Erredakzioa
Bilbon egon da bere lana aurkezten. Filmak Donostiako Nazioarteko Zinemaldian parte hartu zuen, Zabaltegi saileko zuzendari berrien atalean.
Elena Trapé zuzendariak Blog pelikula estreinatuko du urtarrilaren 21ean. Aurretik, baina, Bilbon aurkeztu du, gaur bertan egindako estreinaurrekoan. Gidoia osatzeko orduan, Tomàs Aragay, Valentina Viso, Arantxa Cuesta, Cristina Clemente, Jaume Cuspinera, Aintza Serra eta Lluís Segura izan ditu lagun lan taldean.
The Virgin Suicides, Fucking Amal, Juno eta La Classe pelikulen eragin handia du Blog filmaren istorioak. Nerabezaroan dauden zazpi neskaren mundura hurbiltzen da, eta beldur eta arazoei nola aurre egiten dieten erakusten du.
Escándalo Films ekoiztetxearen eskutik datorkigu lan hau. Ekoitzetxea 1995ean sortu zuten zinemako talentu berriak bilatu eta horiei bultzada emateko asmoz.
Sinopsia
15 urteko neska talde baten kontakizun aparta da Blog. Gizarte maila ertain-altuko familiakoak dira, azkarrak, sentiberak eta argiak eta plan sekretu bat dute helburu bera lortzeko: gainerako guztiengandik bereiziko dituzten zirrara biziak izan nahi dituzte.

