Itxi

Zinema

Asteko estreinuak

'3D Saw VII', 'Black swan' eta 'Yogi bear', zinema aretoetan

Erredakzioa

Beldurrezko sagaren amaiera eta bost Oscar sari irabazteko izendatuta dagoen filma protagonistak, ostiraletik aurrera zinema aretoetan.

Hiru film oso ezberdin dira aste honetako estreinaldien protagonista. ''3D Saw VII'', ''Black swan'' eta ''Yogi bear'' pantaila handira iritsi dira eta ikusleen gozagarri izango dira asteburutik aurrera.

Saw beldurrezko filmen sagaren amaiera aste honetan estreinatu dute, 3Dko teknikarekin, ikusle gazteen gozagarri. Jigsaw protagonistaren inguruan sortutako istorioa bere ondarearen gainean piztutako borrokak markatuko du. Bizirik jarraitu dutenek sekretu ilunak gordetzen dituen guru batengana joko dute laguntza bila. DePlanetak banatutako filma da aste honetan 3D formatuan estreinatu duten bakarra.

''Black swan'' filmari dagokionez, Natalie Portman Emakumezko Aktore Onenaren Oscar saria irabazteko faboritoa da lan horretan egindako lanari esker. Darren Aronofskyk zuzendutako filma thriller dramatikoa da eta ballet dantzari baten inguruan eraikia dago. Ama dominatzaile batek eta bere lagun batek arriskuan jarriko dute.

''Yogi bear'' etxeko txikiei zuzenduta dago. Bere garaian Hannah-Barberak egindako marrazki bizidunak animazioa eta irudi errealak nahasten dituen lan batean aurkeztu dizkigute orain. Smith polizia-agentearen laguntzarekin, Bubuk Yellowstone basoa salbatzeko modua bilatu beharko du.

Martín Slipak, Leonardo Sbaraglia, Bárbara Goenaga eta Federico Luppi biltzen dira ''Sin retorno'' filmean. Miguel Cohan zuzendariak thriller bat eraiki du, auto batek bizikletaz zihoan gizon bat harrapatu ostean hiru pertsonak hartuko dituzten erabakien inguruan.

Azkenik, ''Secretariat'' John Malkovich eta Diane Lane biltzen dituen filmak osatuko du aste honetako estreinaldien zerrenda. Benetako gertakari batean oinarritutako filma zaldi lasterketen inguruan eraikia dago.