Zinema
Estreinaldiak
Santiago Seguraren 'Torrente 4', jaun eta jabe zinema pantailetan
Erredakzioa
Espainiako zinemako polizia zikin eta ezagunenetako bat bueltan da, arrakastari eusteko asmoz. Oraingoan José Mota, Belén Esteban eta Kiko Rivera izango ditu lagun. 'Cuidadores' ere gurean dugu.
Atletico Madrilen zale amorratuaren azken pelikularen batera, estreinaldien artean ditugu Bertrand Tavernier zinemagilearen En el centro de la tormenta eta Oscar sarietan atzerriko film onenaren saria eskuratzeko izendatuen artean ikusi genuen Incendies lana. Era berean, Cuidadores dokumentalaren estreinaldia ere izango dugu ostiral honetan. Óskar Tejedorrek zuzendu du lana, eta Alzheimerren gaitza pairatzen duten pertsonak zaintzeko ardura dutenen bizimodua eta borroka dakarkigu. EITBk parte hartu du dokumentalean.
Torrente 4 filmean Fary abeslariaren hilobian aurkituko dugu Santiago Segura, Torrentek hain gustuko duen pertsonaia horren heriotzarekin penatuta eta munduak jasan dituen aldaketak kritikatzen. ''''Estatu Batuetako presidentzia beltz baten esku egotea ere zilegi da''''. Torrenteren kexuak hasi baino ez dira egin, ordea: kartzelan sartuko dute, eta lanak izango ditu bertatik ihes egiteko.
Cuidadores Oskar Tejedorrek zuzendu duen dokumentalak alzheimerra jasaten duten pertsonak egunero zaintzeko ardura dutenen bizimodua eta borroka eraman du pantailara. ''''Ez da lan zientifikoa'''', esan du Tejedorrek. ''''Maiz gertatzen den zerbaiti zuzenean begiratu nahi izan diogu'''', gaineratu du.
Tommy Lee Jones eta John Goodman zinema izarrak ditugu En el centro de la tormenta Bertrand Tavernier zuzendari ezagunaren thriller berrian. In The Electric Mist With Confederate Dead James Lee Burken eleberrian dago oinarrituta, eta Dave Robicheaux detektibearen istorioa dakarkigu. Elrod Sykes, pelikula baten filmaketan murgilduta dagoen aktorea, ezagutuko du detektibeak, eta orduan izango du aintzira batean agertu den hilotz baten
berri.
Atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatuen artean egon ondoren, gure zinema pantailetara iritsi da Incendies pelikula. Denis Villeneuve kanadarraren drama historikoa da, eta Libanoko Lehen Gerrak hankaz gora jarriko duen familia baten istorioa dakarkigu.
Rodrigo Grande zinemagileak Cuestión de principios lana zuzendu du, eta Federico Luppi, Norma Aleandro eta Pablo Echarri ditugu Argentinako komedia honetan protagonistak. Roberto Fontanarrosa 2007an hildako idazle eta umoristaren ipuin baten moldaketa da.