Itxi

Zinema

Alzheimerra

'Cuidadores' dokumentalaren mahai-ingurua, EITBko Multibox aretoan

Erredakzioa

Asteartean, 'Zineguneak' programaren edizio berria egingo dute EITBren Bilboko egoitzan. Oscar Tejedorren lana aztertuko dute bertan, eta ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango duzu, eitb.com-en.

Astearte honetan, martxoak 15, Zineguneak programaren hirugarren edizioa egingo dute EITBko Multibox aretoan. Oraingoan Cuidadores dokumentala aztertuko dute, aurkezpen eta mahai-inguru batean. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango duzu, eitb.com-en.

Euskadiko Filmategiak martxan jarritako ekimena da Zineguneak, eta euskal zinemagileen estreinaldiak bultzatzea du helburu, aurkezpen eta mahai-inguruekin.

Oraingoan Oscar Tejedorrek zuzendutako Cuidadores lana izango dute hizpide. Zuzendariarekin batera, Inesa Artizmuño pelikulako ekoizleak, bi zaintzailek eta psikologo batek hartuko dute parte. Euskadiko Filmategiko Jon Lopezek egingo ditu moderatzaile lanak.

Endekapenezko gaixotasuna pairatzen duten pertsonak zaintzen diharduen familiarteko talde batek urte bat eta erdi darama terapia sesio batzuetan biltzen. Bertan, euren beldurrak eta esperientziak partekatzen dituzte, baina batez ere, eguneroko bizitzan jasaten dituzten egoera komiko, baina aldizka, dramatikoak, erlatibizatzen ikasten dute. Moztu Filmak-en ekoizpena da, Euskal Telebistaren laguntzarekin. Urrian, hirugarren saria lortu zuen Seminci Valladolideko Nazioarteko Zinemaldiaren ''Tiempo de Historia'' sailean, eta joan den ostiralean estreinatu zen zinema-pantailetan.

Ekitaldia 19:30ean izango da, Multibox aretoan, eta sarrera doakoa izango da. Gogoratu ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango duzula, eitb.com-en.
&' || 'nbsp;