Itxi

albistea

Finala

Gauean jakingo dugu nor den Aconcaguako 'konkistatzaile' berria

Kote, Iñaki eta Roberto Laiseka dira hiru hautagaiak. Eitb.com-en zabalik dago zure ‘konkistatzailea’ hautatzeko bozketa.

  • Argazkia: EITB

Gaur gauean, abenduak 16, Julian Iantzik gidatutako zuzeneko saioan amaituko da ‘El Conqusitador del Aconcagua’ saioaren hirugarren edizioa. Gaueko 22:30etik aurrera jakingo dugu zer gertatu zen gailurrerako bidean, eta nor izango den abenturazko ‘reality’ saio honen irabazlea.

Espedizioko kideak Colera kanpalekuan daude, 5.900 metrora. 50 kilometro orduko haizeak eta zero azpiko 15 graduko tenperatura jasaten ari dira. Aurreko atalean, medikuak Serafin Zubiriri eta Magdari Plaza De Mulasera jaistea gomendatu zuen, eta, beraz, hiru kide baino ez dira gelditzen ‘konkistatzaile’ izateko: Kote, Iñaki eta Roberto Laiseka.

Gailurrerako bidea hartzeko edo ez hartzeko erabakia espedizio-buruak hartu beharko du, Juanito Oiarzabalek. Eguraldi iragarpena kontuan hartu beharko du Ameriketako gailurrerantz abiatzeko ahalegina egiteko.

Gauean Julian Iantzik gidatutako saioan espedizioko kide guztiak izango dira. Gainera, iragan astean izandako eztabaidak argitzen ahaleginduko dira, baita Aconcaguaren pean konpondu gabe gelditu zen hainbat gai ere.

Emozioz beteriko saioa izango da. Iñakiren, Koteren eta Roberto Laisekaren artean izango da lehia. Hiruretako bat izango da irabazlea. Gainera, eitb.com-eko erabiltzaileek euren ‘konkistatzailea’ nor den erabakiko dute.