telebista
Enarak dokumentalaren estreinaldia, asteazkenean, ETB1en
Beñat Iturrioz zinemagile eta musikariak Enarak pop-rock talde aitzindariaren inguruan egindako ikus-entzunezko lana 22:15ean eskainiko da, eta ondoren ETB ON plataforman egongo da eskura.
-
'Enarak' dokumentalaren irudia. Argazkia: EITB Media
Euskal musika modernoaren aitzindari izan zen Enarak taldearen historia biltzen duen dokumentala estreinatuko du Euskal Telebistak asteazken honetan, maiatzak 13. Boskote hartako kide baten semeak, Beñat Iturrioz zinemagile eta musikariak, zuzendutako filma da. Bira Produkzioak-ek ekoiztutako lana ZINEBI jaialdian aurkeztu zen, 2024an.
1967an, diktadura frankista betean, askatasun egarri ziren seminarista batzuek Enarak taldea sortu zuten. Garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Ehundaka kontzertu eman ondoren, 1971n misteriotsuki desagertu ziren, betirako. 50 urte ondoren, abeslariaren semea, Beñat, taldearen aztarnen bila abiatuko da; ornitologia, collage-a eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgilduko da.
Enarak dokumentala 22:15ean izango da ikusgai ETB1en eta ondoren ETB ON plataforman egongo da.

