Itxi

albistea

Estreinaldia

ETBren 30.urtemugaren haritik, '30 Urte Kantuan' estreinatuko du ETBk

A.E.

EITB

Joseina Etxeberria aurkezleak, hiru lagun izango ditu lehen saio honetan Izaro Iraeta, Ilaski Serrano eta Iñigo Arbiza.

  • Leire Tejada, '30 urte kantuan' saioan.

ETBren 30. urtemugaren haritik '30 Urte Kantuan' saioa estreinatuko du datorren larunbatean ETBk. Joseina Etxeberriak aurkeztuta,  ETBn kantuak eta musikak izan duen lekua errepasatuko du saioak sei ataletan. Gonbidatu bereziak ere izango ditu  saio bakoitzean errepaso horren inguruan euren testigantza eta iritzia emateko. '30 Urte Kantuan' saio sortak honako gaiak jorratuko ditu:  Gabonak; ETBrekin jaio, ETBrekin maitemindu eta  80., 90. eta 2000. hamarkada.

 'Gabonak', esan bezala, izango da lehen saioaren izenburua. ETBk 30 urte beteko ditu egun gutxi barru. Gabon garaian hasi ziren lehendabiziko emanaldiak eta geroztik,  gure etxeetan izan dugu, gabon kantak, film bereziak, haurrentzako programazio berezia eskainiz, Gabon Gauean Euskal Herriko ehundaka kirolari, musikari, politikari, idazle, bertsolari, aurkezle… Kantuan jarriz.

Gabonak nola bizi izan ditugun gogoratzeko, eta heltzear dagoen urteari zer eskatzen diogun jakiteko, Joseina Etxeberriak, hiru lagun izango ditu alboan. Gabon giroan ETBk 30 urtetan kantuan  nola bizi izan dituen izango dute ardatz. Joseinarekin izango dira: Izaro Iraeta, Ilaski Serrano eta Iñigo Arbiza.

EITBko aurkezle eta esatari oso ezagunek beren eskariak egingo dituzte, eta kaleko hainbat herritarrek ere, kantu bat eskaintzeko aukera izango dute.

'30 urte Kantuan'  izango dira baita, 'Kantuan' eta 'Kantuan Lehiaketa' saioetan izandako kantariak, besteak beste, Juanpa Agirre, Idoia Bediaga, Leire Tejada, Jon Urbieta eta Eider Roza. Beraiek euskal gabon kantuen sorta berezi bat eskainiko dute, saio honetarako egokitua, eta baita, gure mugetatik at sortutako gabon kanta  oso bereziak: 'Santa Baby' Kylie Minogue-n  bertsio sexyan; baita Donna Summerren 'Rosie Crhistmas' dance estilokoa… Guztion artean egindako saioa izango da '30 Urte Kantuan: Gabonak'.

'Gure Olentzero', urte luzez, Euskadiko hainbat politikarik eskaini duten kanta, beraien ahotsetan gogoratuko dute: alkateak, batzar nagusietako presidenteak, Ahaldun nagusiak, Legebiltzarreko ordezkariak…den-denak ekarriko dituzte gogora.  Mari Domingin abestiarekin platoan, informatiboetako ordezkariek egindako bertsio zoragarria ere oroituko dute . Halaber,  'Gloria Gospel', Donostiako Musikalis koruarekin, eta 'Mariaren semea' Errenteriko abesbatza, ere izango dira.

Eta Gabonetan umeak nagusi beti ETBn eta horren adierazle, Txirri Mirri ta Txiribitonek 'San Nikolas' abestuko dute.

Beste klasiko bat ere berreskuratuko dute, ETBko aurkezleak 'Hator Hator' kantatzen. Ezin ahaztu Estitxu Fernandez, Julio Ibarra, Xabier Euzkitze edo Illaski Serranok egindako bertsioak.

'30 urte Kantuan' 22:00etan izango da ikusgai ETB-1en.