albistea
Zinea, urteberri egunean
Zine estreinaldi handiek hasiera emango diote urte berriari ETBn
A.H.
EITB
'LND' saioak Clint Eastwood-en 'Invictus' filma eskainiko du ETB-2n eta Euskal Telebistako lehenengo kateak 'Urteberri on amona!' estreinatuko du.
-
Urte Berri on amona. Argazkia: EITB
Euskal Telebistak zine estreinaldi handiekin emango dio hasiera urte berriari. Felix Linaresek aurkeztutako 'La Noche de...' saioak Invictus eskainiko du ETB-2n. Clint Eastwoodek zuzendutako filmak Morgan Freeman eta Matt Damon aktoreak hartzen ditu protagonista. ETB-1ek, bere aldetik, Telmo Esnalek zuzendutako Urteberri on amona! estreinatuko du. Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztu zen filmak eta publikoaren eta kritikaren harrera ezinhobea jaso zuen.
Urteberri on amona!, 22:00etan, ETB-1en
ETB-1ek Urteberri on amona! filma estreinatuko du telebistan, eta emisioaren aurretik aurkezpen labur batek pelikularen grabaketa eta protagonisten gaineko hainbat bitxikeri eskainiko ditu. Montserrat Carulla du protagonista, eta berarekin batera Joxean Bengoetxeak, Nagore Aranburuk, Pedro Otaegik eta Kontxu Odirozolak hartzen dute parte. Telmo Esnal (Zarautz, 1966) zuzendari gipuzkoarraren bigarren film luzea da eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen, kritika onak jasoz.
Komedia beltza da Urteberri on amona!'. Mari, amona berezi samarra, zaindu behar duen familiaren gatazkak azaltzen ditu. Maritxu eta Jose Mari, adin ertaineko bikotea dira, eta Mari amona zaintzen dute haien etxean. Marik Maritxu alabaren arreta osoa bereganatzen du, eta Joxemarik zaharren egoitza batean sartzea erabaki du. Baina Maritxu konturatu gabe egin nahiko du hori, bere alaba eta bere suhiaren laguntzarekin. Hasiera batean lana erraza dirudien arren, amonaren izaera dela eta, ustekabeko ondorioak ekarriko dituen lehia bihurtuko da.
Gatazka, umoreaz bailatuta azaltzen du zuzendariak, baina hainbat gairi buruzko hausnarketa ere proposatzen du, besteak beste, bakardadeari beldurra, balio galera, norberekoikeria eta familiaren desegituratzea.
'La Noche de... Invictus', 22:15ean, ETB-2n
Felix Linaresek aurkeztutako 'La Noche de...' saioak Invictus filma eskainiko du astearte gauean. Clint Eastwoodek zuzenduta, John Carlin idazlearen Playing the enemy eleberria hartzen du oinarri, eta benetako istorio bat azaltzen du. Morgan Freeman eta Matt Damon dira protagonistak eta Hegoafrikan, Aparheid politikak utzitako amorrua gainditzeko bidean, kirol ekitaldi batek izandako garrantzia azalduko du.
Nelson Mandela, Hegoafrikako lider mitikoaren papera, Morga Freeman aktoreak egiten du, eta bere lanarengatik, bai Oscar sarietan zein Urrezko Globoetan ere, aktore onenari izendapena jaso zuen. Matt Damonek, bere aldetik, Hegoafrikako gizartean garrantzia handiko beste pertsonaia bati emango dio bizia: François Pienaar, Hegoafrikako errugbi talde nazionalaren kapitaina. Damonek bere interpretazio honekin ere, Oscar eta Urrezko Globoetan, bigarren mailako aktore onenaren izendapenak jaso zituen.
Filmak 1990era eramango gaitu. Urte honetan, Nelson Mandelak, kartzelatik atera ondoren, bere herrialdeko presidentzia lortuko du eta Apartheid legea abolituko du. Presidenteak bere herrialdearen bi talde berezituen arteko kontziliazioa bilatuko du, eta Hego Afrikako Errugbiko Munduko Koparen ospakizuna, kontziliazio horretarako pausu garrantzitsua bihurtuko da.