Itxi

albistea

30 urte ETBrekin

ETBk 30 urte bete ditu

A.H.

EITB

1982ko abenduak 31n, Carlos Garaikoetxea orduko lehendakariaren mezuarekin, jarri zen abian Euskal Telebista, Estatuko lehenengo telebista autonomikoa.

2:01

Euskal Telebistaren lehen emanaldiaren 30. urtemuga bete da. 1982ko abenduaren 31n jarri zen abian ETB, Carlos Garaikoetxea orduko lehendakariaren Gabon Zaharreko mezuarekin. Estatuko lehen telebista autonomikoaren sorrera genuen.

Ordutik hona hiru hamarkada pasa dira, eta EITB taldea haziz eta sendotuz joan da. Gaur egun, komunikazio talde multimedia dugu, sei telebista katez eta bost irratiz osatuta. Halaber, sarera ere zabalduko da EITBren eskaintza, eitb.com webgunearen eta eitb nahieran plataformaren bitartez.

Hiru hamarkadako historia

Euskal Telebista 1982ko abenduaren 31n, gauerdiko hamabietan, ikusi zen aurrenekoz Euskadiko etxeetan, eta hurrengo urteko otsailaren 16an arautu zen erabat emisioa. Sorreran, 30 lagun ziharduten lanean Iurretako egoitzan, euskara hutsezko programazioa eskaintzeko. Estatuko lehen telebista autonomikoak, ikasteko gogoz eta ilusioz beteriko taldearen eskutik eman zituen bere lehen urratsak; aipatu beharra dago horietako zenbait profesionalek Hanburgora egindako bidaia, telebista sortzeko oinarriak ikastera.

Hilabete batzuk lehenago sortu zen Euskadi Irratia, eta gerora beste bi irrati, Radio Euskadi eta Radio Vitoria. 1986an Euskal Telebistaren bigarren katea jarri zen abian.

Urteak pasa ahala, EITBren proiektua sendotuz joan zen. Telebista formatu berrietara egokitzeaz gain, nazioarteko emanaldiak hasi ziren: lehendabizi Galeuscarekin eta ondoren ETB Sat (Europa) eta Canal Vasco (Amerika) kateen bidez.

Mende berriak digitalizazioa ekarri zuen eta, horrekin batera, multimedia edukiak (eitb.com eta eitb.tv) eta kate berriak: ETB-3 (haur eta gaztetxoei zuzenduta) eta ETBK (kirol eskaintza zabalarekin).

%13,3ko audientzia zatiarekin agurtuko du urtea ETBk

Audientzia datu onekin agurtuko du urtea ETBk. Audientzia zatiari dagokionez, iaz baino bi puntu gehiago ditu, hau da, %17,7ko igoera izan du. Urtea ixteko hiru egunen faltan, %13,3ko audientzia zatia du Euskal Telebistak. Taldeko telebista kate guztien harrera hobetu da 2012an, ETBKrena izan ezik. Kirol edukiei zuzendutako kateak iazko datuei eutsi die eta ETB-2k, bere aldetik, %20,7an hobetu du 2011ko datua.

Bestalde, ETBko albistegiek nagusitasuna lortu dute Euskadin eta halaxe hasiko dute urte berria. Azken lauhilabetekoan %16,6ko audientzia kuota eta 243.000 ikus entzuleko audientzia metatua eskuratu ditu 'Teleberri'k. 120.000 lagunek ikusten dute egunero, bataz beste.