albistea
Laburpen berezia
2012ko urteko eguraldiaren laburpen berezia, gaur
A.H.
EITB
Urte osoan zehar eguraldiak ekarri dituen kontu guztiak errepasatuko ditu saio bereziak.
-
2012ko urteko eguraldiaren laburpen berezia, gaur
Eguraldiko lan taldeak urteko laburpen berezia prestatu du gaurko eta amaitzear den urte honek eguraldi kontuetan ekarritakoa bilduko du saio bereziak. Hainbat efektu bereziren bidez eguraldiko aurkezleek meteoro desberdinekin nola jolasten duten ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek. Eguzkia, euria, elurra… guzti guztiak izango dira haien esku. Urte osoan emandako beroaldiak, hotzaldiak, ziklogenesiak, uholdeak…. Guztiek izango dute tokia bilduma berezi honetan, eta ETB-1eko eta ETB-2ko eguraldi tartean izango da ikusgai gaur.
Hartara, askotan jendeak galdetzen duenari erantzuteko moduan izango dira: Hainbeste aldatu ote da eguraldia azken urte hauetan? Neguak ez al dira lehen bezain hotzak? Udan ez al du lehen baino bero gehiago egiten? Datuak eskuetan hartuta, galdera horiek erantzuten ahaleginduko dira. Beti ere irudien laguntzaz, albistegietako lankideek bildutako irudiekin jantziko dute laburpena.
Eguraldia 2012n
2012. urte honen hasiera gorabeheratsua izan zen. Hotzetik berora, egun gutxiren buruan egin genuen. Urtarrila bero joan bazen, otsailean elurra iritsi zen, eta hura etortzearekin batera, termometroek behera egin zuten. Otsaileko lehen astean, neguaren izenak eta izanak bat egin zuten. Orduan hasi ginen elurrarekin jolasean.
Neguaren ostean, udaberria heldu zen… ezohiko udaberria. Euria bera berandu iritsi zen, lainoak motel ibili ziren antza, baina gero, denborarekin, bere zigorra jaso zuten. Haizea iritsi zen, zakar iritsi gainera, eta ziklogenesiak aurretik eraman zituen guztiak. Udaberriak, horrenbestez, bere gorabehera guztiekin kolorez bete zigun zerua.
Udak protagonista bakarra izan zuen, eguzkia. Dir dir berezia izan zuen aurten eguzki horrek, eta giroa ere majo berotu zuen, tenperatura altua izan baikenuen oporretan. Datuak biltzen hasi zirenetik ez da halako uda lehorrik ezagutu ia. Lehorra eta beroa, eguzkiak bazterrak kiskaltzen zituelako, abuztuan, termometroa 40 graduraino igoarazita.
Eta urtea, hasi bezelaxe bukatu genuen, elurrarekin. Baina esan gabe doa estalki zuria iritsi aurretik, hegohaizeak berak ezohiko bihurtu zuela aurtengo udazkena. Egunak joan egunak etorri hego haizea izan genuen, eta horrek berarekin dakarren epeltasuna.
Kontu guzti horiek, xehetasunez, gaurko eguraldi tarteetan ikusiko ditugu, bai ETB1en, bai ETB2n.