Itxi

albistea

ETB-1en eta interneten

Euskal Selekzioa-Bolivia partida, zuzenean, gaur

A.A.

EITB

Arratsalde osoan zehar programazioa berezia eskainiko du ETB-1ek neurketaren harira.

  • Xabi Prieto

    Xabi Prieto. EFE

Euskal Selekzioak Boliviakoaren aurka jokatuko duen partida zuzenean eskainiko dute ETB-1ek eta eitb.com-ek gaur, 20:00etatik aurrera. Txemi Galarraga izango dugu berriemaile, Juanan Larrañaga adituaren laguntzaz, eta Joseba Urkiolak egingo ditu elkarrizketak.

Neurketaren karietara, Euskal Telebistako lehen kateak programazio berezia prestatu du arratsalderako. Hasteko, 15:00etan, 1993an bi taldeek elkarren aurka jokatutako partida izango da ikusgai. Ondoren, Naxari Altuna kazetariak Bolivian grabatutako 'Azkargorta: Bolivia bihotzean' erreportajea eskainiko da. Bertan, boliviarrek Azkargortari buruz duten iritzia bildu du, azpeitiarrari nola ikusten duten eta taldeari egin dion ekarpena aztertuz. Amaitzeko, Joseba Urkiolak prestatuta, Euskal Selekzioak azken urteetan jokatutako partiden labur bilduma emango da. 19:30ean egingo dute bat Anoeta estadioarekin, norgehiagokaren atarian bizi den giroaren berri emateko.

Pala, igeriketa eta saskibaloia ETBKn

ETBKn, zuzeneneko hiru emanaldi izango dira arratsaldean. 17:00etan, Bizkaia Torneoko pala finalaren kontakizuna egingo dute Iñigo Aiestaranek eta Mikel Aierbek. 18:15etik aurrera, igeriketak Nazioarteko Eguberri Sariaren berri emango dute Iñaki Mikeok eta Asier Aldabaldetrekuk Donostiatik, eta 20:00etan, saskibaloi emankizuna osatuko dute Asier Arangurenek eta Josean Aldalurrek: Endesa Ligako Blusens Mombus-Lagun Aro GBC partida.