albistea
22:15ean
Mugako istorioak kontatuko dituzte gaur gauean '60 minutos' saioan
A.H.
EITB
Iñaki Lopez Bidasoaren bi aldeetako biztanleekin elkartuko da, mugan bizitzeak dituen berezitasunak ezagutzeko asmoz.
Gaur gauean, '60 minutos' saioa Euskal Herriaren iparraldea eta hegoaldea banatzen dituen Bidasoa ibaiaren inguruetan ibiliko da, mugako istorioak jakiteko asmoz. Iñaki Lopezek garai bateko eta oraingo gora beherak ezagutuko ditu. Gerra garaian eta Francoren diktadura garaian mugan bizitzea zer zen galdetuko die bertako zaharrei, gaur egun nola bizi diren jakingo du eta bi aldeetako biztanleen antzekotasunak eta ezberdintasunak aurkitzen saiatuko da. '60 minutos' saioa mugako topikoak eta tipikoak jakiten ahaleginduko da.
Ipar eta Hego Euskal Herriari buruz asko dakien jendearekin elkartuko da Iñaki Lopez. Garai batean Hegoaldean debekatuta zeuden liburuak eta bestelako produktuak estraperloan nola ekartzen zituzten galdetuko du. Hegoaldeko debekuekin ezin aurrera eginda, Iparraldera bizitzera joan zirenen esperientzia ezagutuko du. Eta Dantxarinea ere ezagutuko du; bertako dendetako, merkatal guneetako eta gasolindegietako egunerokoan murgilduko da.
Ainhoatik Urdazubi aldera egingo du '60 minutos' saioak bertako paraje eta bizimodua ezagutarazteko. Hori guztia 22:15etik aurrera izango da ikusgai ETB-2n.