Itxi

telebista

Kirol emanaldiak

Lagun Aro-Valencia Basket, zuzenean, ETB-1en eta eitb.com-en

A.H.

EITB

Horrez gain, Bigarren Mailako Alaves eta Barakaldo taldeen arteko norgehiagoka eskainiko du Euskal Telebistak larunbatean.

  • Argazkia: EFE.

Larunbat honetan, Lagun Aro eta Valencia Basket taldeen arteko norgehiagoka eskainiko du ETB-1ek zuzenean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Asier Aranguren, Josean Aldalur eta Juan de la Vega komentaristek egingo dute Endesa Ligako partida honen gaineko kontakizuna.

Saskibaloiaren aurretik, Bigarren Mailako futbolaren txanda izango da. ETB-1eko ikus-entzuleek Alaves eta Barakaldo taldeen arteko partida ikusteko aukera izango dute, Xabier Andueza, Juanan Larrañaga eta Joseba Urkiolaren kontakizunarekin, 17:00etan hasita.

eitb.com-eko erabiltzaileek zuzenean jarraitu ahal izango dituzte bi emanaldiak.

Bestalde, futbol jardunaldiak larunbatean emandakoak 'Gol Festa' saioan bilduko dituzte, 21:00etan eta 23:50ean, Txemi Galarragak gidatuta.

Areto futbola eta pilota, ETBK Sat-en

ETBK Sat kateak, bere aldetik, El Pozo Murcia eta Santiago Futsal taldeen arteko partidarekin hasiko ditu larunbateko kirol emanaldiak. Norgehiagoka arratsaldeko 17:30ean eskainiko da, eta Xabier Andueza eta Juanma Ordozgoiti arituko dira esatari lanetan.

20:30ean, afizionatu mailako pilota emankizuna izango da; Derion, Iparraldeko eta Hegoaldeko pilotarien arteko deman grabatutakoa. Emakumezkoen paleta norgehiagokaren kontakizuna egingo dute Iñigo Aiestaranek eta Kepa Arroitajauregik: Pradera-Saez / Etchelecu-Housset.

Gaueko 22:30ean, erremontea izango da ikusgai, Ezkurra-Barrenetxea IV eta Zeberio II-Ion bikoteen arteko norgehiagoka. Kasu honetan, Iñigo Aiestaran eta Iñaki Agirrezabala Matxin izango dira Hernaniko pilotalekuan jokatutako partidaren berri emateko arduradunak.