Itxi

telebista

Kultur agenda

Astra Gernika sormen fabrikan barrena, aste honetako 'EITB Kultura'n

A.H.

EITB

Gainera, Gatibu taldeko kideek euren disko berria aurkeztuko dute.

Aste honetako "EITB Kultura" Astra Gernika fabrikara hurbilduko da. Arma lantegi izandako eraikina sormen fabrika bihurtu da, gizarte eta kultura jarduerak sustatzen dituena. Publikoari irekitako espazio hau Gernikako bizilagunek eta kultur talde ezberdinek kudeatzen dute. Zazpi urteko lan gogorraren ondoren zabaldu ditu ateak, ekimen, tailer eta espazio artistikoak eskainiz. Oier Plazak eta Leire Lopezek aurkeztuko dute programazioa ETBko saioan.

Bestalde, Gatibuk disko berria atera du: Zazpi plazetan. Gernikarren bosgarren lanak rock-disco-funk erritmo dantzagarriak, country eta folk akustikoarekin nahasten ditu. Ohikoa baino laburragoa eta merkeagoa da, eta Durangoko Azokako diskorik salduena izan zen.

Antzerki mundutik, Txalo Produkzioak konpainiaren azken obra, Gorda, ezagutuko dute lehendabizi. Bizitzan arrakasta duen gizona du protagonista komedia dramatiko honek. Bizia, azkarra, dibertigarria eta sentsuala den emakumearekin maiteminduko da. Itxuraz, ordea, lodi dago. Gaur egungo gizartean irudiaren inguruan ditugun aurreiritziez dihardu antzezlanak, Begoña Bilbao zuzendariak azalduko duenez.

Jarraian, Ados Teatroren Emaztearen semea antzezlanari erreparatuko diote. Juan Jose Campanellak eta Fernando Castetsek idatzitako istorioa Garbi Losadak zuzendu du. Asier Hormazak, Sara Cozarrek, Mikel Laskurainek, Kandido Urangak eta Iñake Irastozak osatzen dute aktore taldea.

"EITB Kultura" astelehen honetan emitituko da 23:40etik aurrera ETB-1en eta 01:05etik aurrera ETB-2n. ETB-3k ostiralean eskainiko du 23:15etik aurrera.