Itxi

albistea

Gaur gauean

Alkateentzako eskaerak, 'Equipo ED' saioan

Gasteizen, Donostian, Portugaleten, Elgoibarren, Getxon eta Irunen izango da saioa.

"Equipo ED" saioa Gasteizen, Donostian, Portugaleten, Elgoibarren, Getxon eta Irunen izango da, bertako alkateek herritarren eskaerak entzun ditzaten.  Javier Maroto, Juan Karlos Izagirre, Mikel Torres, Alfredo Etxeberria, Imanol Landa  eta Antonio Santano alkateek herritarren kexak entzungo dituzte. Hainbat gai plazaratuko dizkiete herritarrek: lanak, garraioak, segurtasun-gabezia, uholdeak, lapurretak, aparkalekuak eta langabezia, besteak beste.

Gasteizen, adinekoentzako zentro bat eskatzen dute Lakuan, Gasteiz hiribideko lanak kritikatzen dituzte, Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaleko segurtasun ezaz kezkatuta daude eta Salbururako garraio publiko gehiago eskatzen dute. Javier Maroto alkateak herritarren eskaerei erantzuna emango die.

Donostian, Martutene eta Bidebieta auzoetako herritarrak dira kexa gehien dituztenak, baina arrazoiak desberdinak dira. Lehenengoan, uholdeak dira ardura nagusia, eta bigarrenean, berriz, segurtasun-gabezia. Donostiarren kezka orokorrak atez ateko zabor bilketaren ezarpena, Donostialdeko metroaren proiektua eta autobus geltoki berria dira. Juan Karlos Izagirre kezka horiei erantzuna ematen saiatuko da.

Aparkalekua eta bandalismoa dira Portugaleten entzuten diren kexa nagusiak. Mikel Torres alkateak herritarrek plazaratuko dituzten kezkei erantzungo die.

José Antonio Santanok Irungo herritarren kexak entzungo ditu. Garraio publikoak, kale prostituzioa eta aparkalekuak dira landuko diztuzten gai nagusiak.

Getxon ere eskaera asko dituzte herritarrek, baina auzo bakoitzak bere lehentasunak ditu. Erromon, Kultur Etxearen eraikuntzaren proiektua kritikatzen dute. Negurin, berriz, Gobela ibaiaren egoerarekin kezkatuta daude. Getxotarren kexa orokorrak hondartzan txakurrekin egoteko debekua eta TAO falta dira, besteak beste, eta hori esango diote Imanol Landari.

San Frantzisko kalea da Elgoibarko biztanleen kezka nagusia: borrokak, lapurretak, sexu erasoak, alkohola, drogak... Alfredo Etxeberria alkateak kezka horiei erantzuna ematen saiatuko da.

"Equipo ED" gaur gauean emitituko da, 22:30etik aurrera, ETB-2n.