Itxi

telebista

Larunbatean

80ko hamarkadako krisia eta Euskalduna, 'Eskerrik Asko, Petrov'en

Gaur gauean ETB-1en 21:30ean izango da ikusgai eta ostegunean 22:30ean ETB-2n.

2:08
Gorka Otxoa

80ko hamarkada eta Euskaldunako gaztazka izango ditu ardatz "Eskerrik Asko, Petrov" saioak gaur gauean. Gorka Otxoak aurkeztutako saioak azken hiru hamarkadetako historia errepasatzen du.

Lekuko garrantzitsu eta nabarmenak bilduko ditu saioak: esate baterako, garai hartan Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua zen Mario Fernandez eta Astilleroko langile ohiekin hitz egin dute. Euskalduna itxi zenean bertan lan egindako batzuk bikoizketa munduan hasi ziren. Bikoizketaren harian, gainera, lehen aldiz euskara bikoiztutako filmak entzuteak sortutako harridura ere izango da saio hauetako gai nagusia. Hainbat bikoizlek eta Bermeoko emakume batzuek euren esperientziak kontatuko dituzte.

"Eskerrik Asko, Petrov"en bigarren atalak 1984. eta 1985. urteetan gertatutakoa bilduko du. Albiste oso dramatikoak tartean: Oizeko hegazkin istripua, ETAk eta Komando Autonomoek bi urte horietan egindako 70 hilketak... Heriotz horien artean, Enrique Casas sozialistarena eta GALek egindako 20 hilketak daude -Santi Brouard ezker abertzaleko buruzagia hil zuten tartean-. Saioan, Edurne alabaren hitzak jasoko dituzte, baita Barbara Durkhop Casasen alargunarenak ere.

Urte gogorrak izan ziren, arlo guztietan gordinak, eta horrek droga kontsumo altuan ere badu isla. Euskadin 11.000 heroinazale baino gehiago zeuden.

Euskal rock erradikalaren jaiotza sortu zen giro horretan. Orduan Barricada taldekoa zen El Drogasek eta Zaramako Roberto Mosok izen apurtzaileekin sortutako hamaika taldeen errepasoa egingo dute.

Politikaren alorrean, EAJren barruko krisia da nabarmena. Harren ondorioz, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzatik irten zen eta Jose Antonio Ardanza izan zen lehendakarirako hautagai berria. Ardanzak une horiek haserrez eta arduraz bizi izan zituela gogoratzen du.

Julian Retegik hamaika txapel eskuratu ditu buruz buru, eta horietako bi 1984 eta 1985ekoak dira. Ladis Galarzaren aurka jokatutako partidak eta Angelusa errezatzeko egiten zituzten etenak oroituko ditu eratsundarrak.

Gorka Otxoak Harkaitz Canorekin hitz egingo du pizza jatetxe batean. 80ko hamarkadan girotutako Twist nobelarekin Euskadiko Literatura Saria irabazi du Canok. Garai hartan filmeetan ikusten ziren ordenagailu, pizza eta horrelako elementuak exotikoak ziren. Solasaldi horretan, bizi zen giroaz, haurtzaroaz eta ikusten zituzten marrazki bizidunen inguruan arituko dira. 'Arturo Erregea' oso kuttun zuten.

"Eskerrik Asko, Petrov" gaur gauean, 21:30ean, ETB-1en izango da ikusgai eta 'Gracias, Petrov' ostegunean, 22:30ean, ETB-2n.