Itxi

telebista

Gaur, 22:30ean

2000ko hamarkadan murgilduko da '30 Urte Kantuan' saioa

A.H.

EITB

Joseina Etxeberriarekin batera, Klaudio Landa, Iker Galartza, Itziar Ituño eta Itziar Atienza egongo dira.

  • 2000ko hamarkadan murgilduko da '30 Urte Kantuan' saioa

'30 Urte Kantuan' saioak 80 eta 90 hamarkaden errepasoa egin du aurreko asteetan, eta gaur, 2000 hamarkadan murgilduko da, berriz ere kantuan, noski. Joseina Etxeberriarekin batera, lagunekin solasaldi goxoan, Klaudio Landa, Iker Galartza, Itziar Ituño eta Itziar Atienza egongo dira.

Gaurko saioak, gainera, sorpresa ikusgarria prestatu du: 2012an pil pilean ibili dan Hesian taldea izango da saioan, zuzenean. Hesian taldeko Zuriñek, ETBko 'Kantuan' saioko kantari izandakoak, saioko beste kide bat izango du laguntzaile gaurkoan, Bermeoko Leire Gotxi gaztea 'Gurekin' kanta abesten.

'30 Urte Kantuan' saioak bere esker ona agertu nahi die Hesian taldekoei platoan izateagatik, eta beraiek hain gustukoa duten Berri Txarrak taldearen 'Bueltatzen' kanta abestuko diete Esti Etxeberriak, 'Kantuan' saioko irabazleak, eta Leire Gotxik.

Saioa hasteko, 'Musterrek Sartunde', Gatiburen kanta mitikoa, hartuko dute, eta, letra aldatuaz, hamarkadari sarreratxoa egingo diote, Iñigo Perurena tolosarra eta Leire Elustondo abadiñotarraren ahotsetan.

Joseinak hainbat arrasto botako die gonbidatuei, eta hauek asmatu egin beharko dute zein den jarraian entzungo duten 2000 hamarkadako kanta ezaguna.  Asmatze lan honetan, Joseinaz gain, telebistako hainbat aurpegi ezagunek ere botako dituzte arrastoak, gogoan eta gustuko duten garai horretako kantei buruz. Asmatuko ote dute lau gonbidatuek zein kantei buruz ari diren?

Besteak beste, 2000 hamarkada honi errepasoa egiterakoan honako kanta hauek izango ditugu entzugai saioan: 'Lady Marmalade' (Christina Aguilera), Miren eta Bearen ahotsetan; 'Zarena aarelako'  (Sugan), Mallabiko koruak eta Xabi&Amaiak kantatua; 'You know I no good' (Amy Winehouse), Esti Etxeberriaren bertsioan; 'Someone like you' (Adele), Dounia Zolati Iruñarrak abestuta; 'Loliipop' (Mika), Basauri eta Tolosako koruen eskutik: 'El sol no regresa' (Quinta estación), Maitane Urienekin; 'La playa' (La Oreja) Basauriko Leire Tejadarekin; 'Euskeraz bizi nahi dut' (Esne Beltza), Leire Elustondo, Leire Gotxi eta Idoia Bediaga 'Kantuan' saioko kantari gazteen eskutik; 'Ilargia' (Ken zazpi), Idoia Bediagak bakarka kantuan; eta 'Bang Bang' (Gatibu), Durangoko koruak eta Alex Sarduik abestuta.

Omenaldi berezia egin nahi diete, gainera, hamarkada honetan hil ziren bi euskal kantari handiri: Mikel Laboa eta Xabier Lete. Beraiek gogoratuz, 'Txoria txori' eta 'Izarren hautsa' kantak eskainiko dituzte hainbat lagunen ahotsetan.

'30 Urte Kantuan' gaur gauean emitituko da 22:30etik aurrera ETB-1en.