telebista
Begoña Zubietak aurkeztuta
Mongol rally solidarioaren abenturaz, ostiraleko 'Forum'en
A.H.
EITB
Galdakao eta Mongoliaren arteko 17.000 kilometroak anbulantziaz egin zituen Alvaro Saiz galdakaotarrak.
Ostiral honetan, Begoña Zubietak Alvaro Saiz galdakaotarra elkarrizketatuko du ETB-2ko "Forum" saioan. Rally Mongol abenturaren protagonista da Alvaro. 17.000 kilometro eta 18 herrialde gurutzatu ditu, Galdakaotik Mongoliara, umeentzako jostailuz eta osasun materialaz beteriko anbulantzia batean.
Rallya egitearen helburuetako bat, Mongoliako hiriburuan, Ulan Batorren, lan egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakunde bati laguntzea izan da. Gurasoek abandonatu ostean, hiriko estolderietan bizi diren haurrak artatzen dituzte, hain zuzen ere.
Gonbidatuak, bidaian izandako hainbat abenturaren berri emango du. Bizipen positiboa izaki, laster Mongoliara itzultzeko asmoa du kooperazio lanak egitera. Asiako herrialde honetako haurrei emandako laguntzaz ere hitz egingo du, eta Galdakaoko herri eta udalaren aldetik jasotako laguntza goraipatuko du.
"Forum" ostiral honetan emitituko da goizeko 08:00etatik aurrera ETB-2n.