Itxi

telebista

Aste honetan

Nanoestaldurak aztergai, aste honetako 'Teknopolis' saioan

A.H.

EITB

Horrez gain, Zoraida Freixa zientzialaria ezagutuko dute gertutik, argiaren eraginez beren propietateak aldatzen dituzten molekulak sortzen dituen ikerlaria.

Pantaila malguak berrikuntza handia dira mugikorren merkatuan. Eta poliki-poliki geroz eta bereizmen eta emaitza hobeak lortzen ari dira. Baina, zer teknologia dago mugikor tolesgarri horien atzean? Nanoestaldurak dira, edozein material estaltzeko, edo edozein materialen gainean jartzeko nanopartikulaz egindako geruza fin finak. Nanoguneko nanomaterialen laborategian materialen malgutasuna helburu duen ikerketa egiten ari dira eta "Teknopolis" saioak honen inguruko detaile guztiak jakingo ditu.

Bestalde, errepideetako istripuetan arreta handia jarriko du aste honetako saioak, baina errepideetatik haratago, ondorio lazgarriak izan ohi dituzten traktore-istripuak hartuko dituzte hizpide. Istripu mota hauek Espainian 60tik gora hildako eragiten dituzte urtero. Nafarroako Unibertsitate Publikoak traktoreentzako segurtasun-sistema bat garatu du: Iraulketa gertatzen denean airbagen laguntzaz zabaltzen den egitura bat.

Amaitzeko, aste honetan gertutik ezagutuko duten zientzialaria Zoraida Freixa izango da, kimikan doktorea. Bartzelonako Unibertsitatean hasi zuen bere ibilbidea, baina gero Portugalen eta Amsterdanen ere aritu da lanean. Orain Ikerbasqueko ikertzailea da Donostiako Kimika Fakultatean, eta berak zuzentzen duen ikerketa-taldeak, argiaren eraginez beren propietateak aldatzen dituzten molekulak sortzen ditu. Ikerketaz eta bere lanbideaz hitz egin du kamera aurrean.

"Teknopolis" astelehen honetan emitituko da 23:10etik aurrera ETB-1en eta asteazkenean, 00:30ean ETB-2n.