Itxi

telebista

Apirilaren 22tik aurrera

Ordutegi berria 'Iparraldearen Orena' albistegiarentzat

A.E.

EiTB

Iparraldeko gertakizun eta albisteen berri dakarren saioa, Franck Dolosor, Guillaume Irigoyen, Igor Emery eta Jasone Iroz kazetariek aurkezten dute.

'Iparraldearen Orena' albistegiak ordutegi berria izango du datorren astelehenetik, apirilaren 22tik aurrera. Iparraldeko gertakizun eta albisteak biltzen dituen saioa 18:50ak inguruan eskainiko da. Guillaume Irigoien, Jasone Iroz, Igor Emery eta Franck Dolosor kazetariak aritzen dira berriemaile.

Iparraldeko egunerokotasuna lantzen du 'Iparraldearen Orena' saioak, gizarte gaiak, politika, kirola eta kultura. "Albistegi hutsa baino, magazina eta interesgarriak izan daitezken erreportaiak egiten saiatzen gara, zubiak eraikiz Ipar eta Hegoaldearen artean", azaldu du Franck Dolosor lan taldeko koordinatzaile eta saioaren editoreak.

Aste barruko albistegiaz gain, igandetan 'Iparraldearen Orena Astekaria' dago ikusgai ETB-1en, 10:55 inguru, mezaren ondotik, asteko erreportaje onenen 25 minutuko bilduma. Aldizka aurkezten dute Franck Dolosorrek eta Igor Emeryk. Astelehen goizeko 'Egun on Euskad'" albistegiaren ondotik ere berriro ikusgai dago astekaria.

Bi saio hauen bitartez, Iparraldearen eguneko errealitatera hurbiltzeko aukera dute ikus-entzuleek ETB-1en. Gainera, eguneroko saioa eta astekaria EITB Nahieran-en ere ikusgai daude.

Baionan dihardu lanean 'Iparraldearen Orena' saioko lan-taldeak. 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietarako erreportajeen eta 'Azpimarra' saioarekin egiten diren konexioak ziurtatzeko ardura ere eurek dute. Ondoan dute, halaber, Andoni Lizeaga Euskadi Irratiak Lapurdiko hiriburuan duen korrespontsala.

2012ko irailean 20 urte bete zituen 'Iparraldearen Orena' saioak eta beti dago zerbait aipatzeko: Iparraldean Lurralde Elkargo berezia sortzearen aldeko mugimendua, Abiada Handiko trenbide berri bati buruzko eztabaida, Frantziak hizkuntza gutxituen eurokarta berrestea, ezkontza denentzat lege proiektua, Nafarroaren Eguna, Herri Urrats... eta eguneroko aktualitatea.