telebista
Igandean
Bibitako Txapelketako finala, zuzenean, ETB-1en eta eitb.com-en
A.A.
EiTB
Arratsaldeko bostetan egingo dute bat Bizkaia pilotalekuarekin Berasaluze II-Albisu / Irujo-Zabaleta partida eskaintzeko.
ETB-1ek eta eitb.com-ek zuzenean eskainiko dute Bibitako Txapelketako finala, Berasaluze II-Albisu / Irujo-Zabaleta. Arratsaldeko bostetan egingo dute bat Bilboko Bizkaia pilotalekuarekin, eta, bertatik, Xabier Euzkitze izango da berriemaile. Joxan Tolosa izango du lagun komentarioetan, eta Elena Azpeitia eta Koldo Aldalur elkarrizketak egiteko. Jaialdia Xala-Laskurain / Idoate-Begino partidarekin hasiko da.
Eguneko kirol hitzordu nagusiari arreta berezia eskainiko diote eguerdiko eta gaueko albistegietan. Aurretik, finalaren atarian bizi den giroa eta azken orduko albisteak bilduko dituzte; ondoren, partidaren laburpena eta protagonisten hitzak eskainiko dituzte.
Beste kirol emanaldiak
Eguerdiko 12etan, ohi denez, Endesa Ligari egingo dio tartea ETB-1ek. Real Madril eta Bartzelona taldeen arteko neurketaren ingurukoak ekarriko dizkigute Asier Arangurenek eta Josean Aldalurrek.
13:45ean, ETBKn, Romandiako Itzuliko 5. etaparen kontakizuna egingo dute Alfontso Arroiok eta Xabier Usabiagak. Azken egunean erlojupeko proba jokatuko dute Genevan.
16:00etan, ETB-1en, herri kirolen leihoa zabalduko dute, idi probak eta txinga eroatea eskaintzeko. Koldo Aldalurrek eta Juanan Legorburuk egingo dituzte esatari lanak.
19:00etan, ETBKn, Naxari Altunak emakumezkoen mailan jokatutako Real-Athletic derbia laburtuko du.
Amaitzeko, Mikel Olazabalek gidatzen duen 'Gol Festa' saioan futbol jardunaldiaren errepasoa egingo du ETBko kirol taldeak. Bi edizio izango ditu, 19:30ean eta 22:35ean. Bigarrena Real Sociedad-Valentzia partidari eskainia egongo da.
Saskibaloia, txirrindularitza eta pilota zuzenean izango dira ikusgai eitb.com-en.