telebista
Zinea
'Harry Potter eta Azkabango presoa' filma, gaur gauean, ETB-1en
Alfonso Cuaron zinegileak zuzentzen du hirugarren atala eta aurreko aktoreez gain, Gary Oldman eta Emma Thompson gehitu dira lan-taldera.
ETB-1eko zinemaren tartean Harry Potter eta Azkabango presoa filma izango da ikusgai. Osaba-izebekin hilabete batzuk igaro ostean, mago gaztea Hogwarts ikastetxera itzuliko da. Ikasturtearen hasierarekin batera, Sirius Black mago arriskutsu eta misteriotsuak Azkabango kartzelatik ihes egingo du. Iheslaria Lord Voldemorten konplizea da eta ondorioz, Harry aurkitu eta mendekua hartzen saiatuko da. Halaber, bere iraganeko datu gehiago ezagutuko ditu.
Harry Potterren hirugarren atala Alfonso Cuaron zinegileak zuzentzen du. Mexikarrak aurrez, Y tu mama tambien eta Grandes esperanzas filmak zuzendu ditu. Aktoreen zerrendan daude Daniel Radcliffe, Emma Watson, Rupert Grint eta Robbie Coltrane aktoreak, besteak beste. Hala ere, behartutako aldaketa bat egon zen antzezle-zerrendan. Richard Harris aktorea hil egin zen eta Michael Gambonek hartu zuen bere tokia. Halaber, aurreko bi filmetan ageri ez ziren Gary Oldman eta Emma Thompson aktoreak gehitu ziren lan-taldera.
Harry Potter eta Azkabango presoa, 21:00etatik aurrera, ETB-1en.