Itxi

telebista

Lehiaketako irabazlea

Akira Tokuhiro, Canal Vasco-ETB Sat lehiaketaren irabazlea, Bilbon

A.H.

EITB

Jatorri japoniarrekoa da Tokuhiro, eta Idahoko Unibertsitateko irakaslea da. Victoria Bañales Atxikiria bere emaztearekin batera Bilboko EiTBko egoitza bisitatu du.

Akira Tokuhiro Canal Vasco/ ETB Sat lehiaketaren azkeneko edizioko irabazlea izan da. Euskal Telebistako nazioarteko kateak urtero antolatzen du lehiaketa, eta irabazleak Euskadira hamar egunerako bidaia du sari modura, gastu guztiak barne. Tokuhiro jauna, euskal kulturan aditua da, eta Bilbora egin zuen bere lehenengo bisita, 1988an izan zen. "Beste hiri bat zirudien, oso hiri industriala zen, eta asko aldatu da".

Eta hala da, Tokuhiro jauna bai hiriak zein Euskadik jasan dituen aldaketa sakonen lekuko izan da azkeneko 25 urtetan. Gure herrialdearekin duen harremana oso estua izan da beti, bere emaztea, Victoria Bañales Atxirika, jatorriz Bilbokoa delako. Biek, Purdue University-an (EEBB) ikasten zutenean elkar ezagutu zuten, 1987an.

Ordutik aurrera, Akirak hiru edo lau urtetan behin bisitatu du Euskadi, eta oso gustukoa du hemengo jendea, kultura, ingurumena, eta batez ere, gastronomia.  Bere jatorrizko herrialdearekin, Japoniarekin, konparatzen du Euskadi:  "herrialde oso aurreratua da, modernoa eta industriala, baina ez du inoiz bere tradizioa, ohitura eta historia ahazten". Berarentzat, Euskadi, Estatuko herrialderik aurreratuenetakoa da, " oso aktiboa, eta euskaldunen begirada beti etorkizunean dago. Etengabeko garapenean bizi dira."

Tokuhiro Ingeniaritza mekaniko eta nuklearreko irakaslea da Idahoko unibertsitatean eta Euskal gizartea ondo ulertzen duela dio, bere izaera industriala eta aurrerakoia dela eta. Halaber, Euskal Telebistako emanaldiak oso gustukoak ditu.  Interneten bidez jarraitzen du ETB, eta geroz eta gehiago,  ETB nahieran  erabiltzen du, berarentzat oso erosoa baita.

Gehien jarraitzen dituen saioak albistegiak dira, batez ere, 'Teleberri'a.  Ordu aldaketa dela eta,  gosaltzeko orduan ikusten du saioa eta bere  ustez, "albisteak garatzeko modua Europan eta Estatu Batuetan oso ezberdina da. AEBetan, politika eta kirolei ematen diete garrantzia eta hemen, kultura eskaintza zabalagoa da." Gainera, zenbaitetan Estatu Batuetan gertatu diren albisteak 'Teleberri'aren bitartez jarraitzen dituela aitortu du.

"Izan ere, "Teleberri'ak  Estatu Batuetan gertatzen diren hainbat gertakariren gainean, ikuspuntu objektiboagoa ematen du, Estatu Batuetako telebista kate politizatuak baino zehatzagoa" dio Victoria, bere emazteak.  Bikoteak gainera,  ETBk eskaintzen dituen kirol emanaldiak  jarraitzea   gustuko dute, baita 'Vaya Semanita' umore saioa ere.

Victoriarentzat,  ETB jarraitzeko aukera izateak Euskadin gertatzen denaren gaineko informazioa izatea ahalbidetzen dio, eta bere etxetik pixka bat gertuago sentitzen laguntzen dio.  Milaka kilometrotara bizi den arren, oso lotura berezia dauka Victoriak bere jatorrizko herrialdearekin.  Boisen bizi da, eta harreman oso ona dauka bertako komunitate euskaldunarekin. 'Euskaldunak' elkarteko kidea da, euskal kultura bultzatzeko hainbat ekintza antolatzen dituen kluba.

Akira Tokuhiro eta Victoria Bañales Atxirika oso pozik daude, Canal Vasco/ ETB Sat lehiaketan irabazi duten bidaiarekin.  Familia bisitatzeko aprobetxatuko dute, eta Iparraldera joango dira alokatuko duten kotxe batean.  Biarritz, San Juan de Luz eta Baionara joango dira, besteak beste, nahiz eta Euskadira asko bidaiatu Iparraldean ez baitira inoiz egon.