telebista
21:30ean
'Naufragoak' dantza ikuskizuna, larunbatean, ETB1en
A.E.
EiTB
Zumaiako Itzurun hondartzan izandako ikuskizuna eskainiko da.
Larunbat gauean, Zumaiako Itzurun hondartzan izandako Naufragoak ikuskizuna emango du ETB1ek 21:30ean: Dantzaz dantza garaikide konpainiak eskainitako ikuskizuna izango da.
Fernando Saenz de Ugarteren zuzendaritzapean eta Josu Mujika koreografoaren ardurapean honako hauek dantzatuko dute: Lionel Ah-Sou, Ane Anza, Mirjam Berg, Emmanuel Dobby, Madeline Harms, Fem Rosa Has, Patricia Langa, Guillermo Millan, Alicia Navas, Alexander Rosen, Marina Scotto, Beñat Urrutiabizkaia eta Garazi Etxaburuk.
"Naufragoak gara geure lurrean, olatu artean", diote sortzaileek: "aldakortasunaren, iraunkor denaren eta bidaiaren, geure kulturaren eta mugen, lurralde guztiak bereizten eta batzen dituen itsasoaren olatuen artean. Gure etxea eta mundua, dema etengabean eta harreman etengabean. Borroka baten eta krisi baten metafora, orainaldi nahasi baten eta etorkizun eraiki beharreko baten metafora".
Joseba Sarrionandiaren testuetatik abiatuta, Ruper Ordorika eta Jabier Muguruzak, Ken Zazpi edo Deabruak Teilatuetan taldeek sortu dituzten musiketan oinarrituta, koreografia dinamikoa eta oso grafikoa sortu dute. Irudia, kolorea eta dramatismoa ematen dio ikuskizunak, "hain hurbil sentitzen ditugun naufrago horien unibertsoari".