Itxi

telebista

Zine eskaintza zabala

Zinerik onena estreinatuko du ETBk, udazken honetan

EITB

Lehen aldiz eskainiko diren tituloen artean, The Social Network, Etsai Publikoak, Eliren liburua eta Shutter Island.

0:52
Anjelina Jolie, 'Salt' filmean.

Denboraldi berriaren hasierarekin bat, ETBk zinerik onena estreinatuko du pantaila txikian. Film berri eskaintza bikain hau, euskaraz zein gaztelaniaz izango dira ikusgai.  Telebistan lehen aldiz emango diren tituluen artean daude The Social Network, Etsai Publikoak,  Eliren Liburua, Shutter Island, 2012, Battle Los Angeles edota Legezko Herritarra.

ETB-1k larunbat gauero egingo dio tarte zineari; eta nazioarteko filmak eskaintzeaz gain, bertako filmei berebiziko garrantzia emango die. Besteak beste, Amaren Eskuak, Dragoi Ehiztaria, Bypass eta Bertsolari dira emitituko diren titulu batzuk.

Nazioarteko karteldegia

Mota eta genero guztietako filmak emango ditu ETBk; denak ikus-entzuleen eta kritikoen aldetik onespen eta arrakasta handikoak. Sexua eta New York 2 komedia adibidez. Carrie (Sara Jessica Parker) eta Big (Chris Noth) ezkondu berri dira, eta euren harremana gaiztotuko duten tentaldiei ihes egiten ikasi beharko dute.  David Fincherrek zuzendutako The Social Network entzutetsua ere ikusteko aukera izango dugu. Hiru Oscar sari etxera eraman zituen film honek Facebook sare sozialaren hiru sortzaileen istorioa du ari nagusi. Bertan ezagutuko dugu adiskidetasunaren mugak zeintzuk diren, eta giza elkarrekintza aldakorren eragin nabarmena.

Etsai Publikoak, polizia thriller beltzak, aktore zerrenda bikaina dakar, tartean,  Johnny Depp, Christian Bale eta Marion Cotillard. 30ko hamarkadan, Estatu Batuetan, dago kokatua akzioa eta Melvin Purvis FBIko agentearen eta John Dillinger banku ebaslearen istorioa edesten du.  Akzio filmekin jarraituz, Robin Hood film arrakastatsua ere programatuko du ETBk. Ridley Scott zuzendariaren pelikulak Russell Crow aktore ezaguna du protagonista nagusia.

Bestalde, zientzia fikziozko eskaintza zabala izango da. Udazkenean hainbat titulu emango ditu kate publikoak, besteak beste Battle Los Angeles, edota 2012. Lehenbizikoan, Lurra mehatxupean egongo da, meteorito itxura duten indar ezezagunek  eraso egiten dutenean. Kaosaren erdian, bonbardatzear dagoen eremu bateko bizilagunak salbatu beharko ditu soldadu talde batek.  2012 filmean berriz, hondamendi naturalek mehatxatuko dute Lurra. Roland Emmerichek sinatutako lanak efektu berezi ikusgarriak erabiltzen ditu.

Genero honen barruan kokatzen da, baita ere, ETBk irailaren lehen astean estreinatuko duen Eliren Liburua filma. Etorkizun apokaliptiko eta ilun batean girotua, Denzel Washington gerlari bakartiak mendebalerako bidea hartuko du helburu bakar batekin, liburu misteriotsu bat babestea.

Gainera, intriga eta misterio zaleek ere izango dute zer ikusi. Martin Scorsese zuzendari paregabeak Shutter Island thriller psikologikoa aurkeztuko digu. Leonardo DiCaprio eta Mark Ruffalo dira aktore nagusiak film honetan. Salt pelikulan,  Angelina Jolieri espioi izatea egotziko diote eta  jazarpen gupidagabe baten biktima izango da. Erritmo biziko jazarpena nagusi Hanna lanean ere. Aktoreak Saoirse Ronan, Eric Bana eta Cate Blanchett bikainak dira. Bukatzeko, Legezko Herritarra pelikulak dena galdu duen gizon baten mendeku istorio gordina kontatuko du.

Euskal zinea ETB-1n

Era berean, Euskal Telebistaren lehen kateak euskal zinemagintzaren azken lanak ekarriko ditu. Besteak beste, Bypass, non gezurrezko maitasun batek korapilatu egingo baititu protagonisten bizitzak.  Aitor Mazok eta Patxo Telleriak zuzendu dute pelikula hau, eta , Gorka Otxoa, Barbara Goenaga, Sara Cozar eta Mikel Losada euskal aktore ezagunek jokatu dituzte rol nagusiak.

Emitituko den beste film bat Bertsolari da. Asier Altunak sinatutako dokumental honek bertsolaritzaren unibertsoan murgiltzeko gonbitea luzatuko die ikus-entzuleei. Bat-batekotasunaren munduko hainbat aspektu jorratzen ditu lanak, eta sormenaren jatorriaz arituko dira, besteak beste.

Patxi Barkoren Dragoi Ehiztaria, eta  Karmele Jaioaren liburuan oinarritutako Amaren Eskuak filmak ere izango dira ikusgai ETB-1n.