Itxi

telebista

San Mames

'Mende bat eta 90 minutu' dokumentala aurkeztu dute Guggenheimen

EITB

EITB

Bilboko museo ezaguneko auditorioan izan da San Mamesi buruzko dokumentalaren aurrestreinaldia, eta Athleticen historiarekin lotura duten gonbidatu ugarik hartu du bertan parte.

1:10

Guggenheim Bilbao museoko auditoriumean aurkeztu zuten 'Mende bat eta 90 minutu', San Mames zaharraren historia kontatzen duen dokumentala. Aurkezpenak jende ugari bildu zuen, tartean, Athleticen historiarekin lotura daukaten gonbidatu ugari. Filmaren emanaldiaren aurretik, argazki-saio batean hartu zuten parte bertaratutakoek Ingelesen Landan. ETBk udazkenean emango du dokumentala, San Mames Barrian jokatuko den lehen partidarekin batera, hain zuzen ere.

Belaunaldi berriei San Mames zaharraren espiritua helarazte aldera, zelaiaren bizitza eta esentzia kalitatez batzen dituen ikus-entzunezko lana sortu nahi izan dute Athletic Clubek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Baleuko ekoiztetxeak, ETBren partaidetzarekin, 'Mende bat eta 90 minutu' izenburupean. Futbolak sortzen dituen emozioak, eta oroitzapen eta bizipen ugari biltzen dituen zelaiaren historia errepasatzen ditu Unai Larreak zuzendu duen dokumentalak.

Aurrestreinaldiaren lekua eta data ez dituzte kasualitatez aukeratu. Orain dela mende bat baino gehiago, Ingelesen Landan, britainiarren hilerriaren alboan, hain zuzen ere, Bilbon lehendabizikoz jokatu ziren foot-ball partidak. Gainera, 1913ko abuztuaren 21ean jokatu zen San Mames zelaian lehen partida. Athletic Club eta Irungo Racing aritu ziren nor baino nor gehiago, hiru talderen arteko txapelketa batean. Partida arratsaldeko bostak eta laurdenean hasi zen, eta lehen gola Athleticeko lehen mitoak sartu zuen, Rafael Morenok, 'Pichichi'k, alegia.

Dokumentala

'Mende bat eta 90 minutu' Athletic Cluben zelai zaharraren historia errepasatzen duen dokumentala da. Athleticen historiako hainbat garaietako jokalariak ageri dira bertan, beste talde batzuetako euren garaiko futbolariekin batera. Irudi gehienak San Mamesen bertan grabatu dituzte. Gainera, artxiboko irudi harrigarriak eta hainbat alorretako pertsonaia ugariri (politikariak, idazleak, musikariak, bazkideak …) egindako elkarrizketak ere ikus daitezke filmean.

Besteak beste, , Iker Casillas, Xavi Hernández, Vicente del Bosque, Jorge Valdano, Andoni Zubizarreta, José Ángel Iribar, Rafa Iriondo, Txetxu Rojo, Joseba Etxeberria, Ángel María Villar, Julen Guerrero, Josu Urrutia, Carmelo y Andoni Cedrun, Javier Clemente, Luis Fernández, Andoni Goikoetxea, Iñigo Liceranzu, Peio Uralde, Jesús Mari Zamora, Carlos Gurpegui, Iñaki Sáez, José Eulogio Gárate, Joaquín Alonso, Rafa Guerrero, Nerea Onaindia, Susana Guerrero eta Juanlu (San Mameseko azken golegile ofiziala) dira protagonistetako batzuk. Bestalde, elkarrizketatuen artean, Jose Luis Bilbao, Iñaki Azkuna, Antonio Basagoiti, Jone Goirizelaia, Joaquin Almunia, Kepa Junkera, Kirmen Uribe, Anton Barrutia edo Eneko Atxa ikusiko ditugu.