telebista
Astelehenetik aurrera
Informazio eta entretenimendu eskaintza zabala, goizetan, ETBn
A.H.
EITB
'Egun On Euskadi' albistegiak goizean goiz emango du eguneko albisteen berri ETB1en. 'Entrada Libre' elkarrizketa saioak, 'ETB Hoy' magazinari paso emango dio, 12:00etatik aurrera, ETB2n.
Goizak ETBn edukiz beterik datoz denboraldi berri honetan. Astelehenetik aurrera, ETB1ek eguneko informazio osoa eskainiko du goizean goiz, Estepan Aldamiz-Etxebarriak eta Olaia Urtiagak aurkeztutako 'Egun On Euskadi' albistegian. ETB2k, bere aldetik, Vanessa Sanchezek aurkeztuko duen 'Entrada Libre' elkarrizketa saioa eskainiko du 12:00etan, kultura eta gizartea ikuspuntu berezi batez aztertuko dituen saioa. Ondoren, 'ETB Hoy' magazinak Olaia Urtiagaren elkarrizketa politikoa eskainiko du, Adela Gonzalezek gidatuko duen egun-eguneko gaien solasaldi zabalaren aurretik.
'Egun On Euskadi' ETB1en
Euskal Telebistaren lehenengo kateak eguneko albisteen berri emango du goizero, 08:00etatik aurrera, 'Egun On Euskadi' albistegian. Estepan Aldamiz-Etxebarriaren eta Olaia Urtiagaren eskutik, eguneko gai aipagarrienak eta albiste garrantzitsuenak sakontasunez aztertuko dituzte.
Politikaren arloko elkarrizketa bat izango du albistegiak egunero, eta ondoren, egun-eguneko gaien inguruko solasaldia. Astelehenean, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria elkarrizketatuko dute, bake prozesuaz eta kurtso politiko berriaren gakoez.
'Egun On Euskadi'k solaskide talde zabala izango du, gai ezberdinen inguruko mota guztietako iritziak jasotzeko asmoarekin. Haien artean, Mikel Arana, Iñaki Galdos, Itxaso Atutxa, Idoia Mendia, Laura Garrido, Garbiñe Biurrun, Niko Moreno, Jaime Tapia eta Jose Luis Elorza.
'Entrada Libre', Vanessa Sanchezekin
Vanessa Sanchezek 'Entrada Libre' elkarrizketa saioa aurkeztuko du egunero ETB2n, eta gizarte eta kultura gaiak jorratuko ditu. Goizero, 12:00etatik aurrera, alor ezberdinetako pertsona eta sortzaileekin bat egingo du Vanessak. Besteak beste, musika, literatura, teknologia berriak, ingurugiroa, garapena edo gizarte gaiak hartuko ditu hizpide.
Astelehenean, Ricardo Caparros Ailaket!! elkarteko kidea izango du gonbidatu, udan Euskadin izan den droga kontsumoaz aritzeko. Astean zehar, Delorean taldeko musikariak, Koldo Burgoa eta Gosia Moskala bidaiariak, Begoña eta Elena Adreiñua Rebirthing arnas teknikan adituak, eta Alberto Frias energia berriztagarrien alorrean aditua izango ditu Vanessak.
'ETB Hoy' magazina
Olaia Urtiagak egingo duen eguneroko elkarrizketa politikoarekin hasiko da 'ETB Hoy' tartea. Elkarrizketa, 'Egun On Euskadi' albistegian egindako gonbidatu berdinei egingo zaizkie, eta astelehenean, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariarekin izango dira. Ondoren, Adela Gonzalezek bi orduko saioa gidatuko du 'Teleberri' hasi arte, informazioa eta entretenimendua uztartuz.
Eguneko albiste garrantzitsuenek pisu handia izango dute magazinean. Gizarte gaiei, gertuko kontuei eta bitxikeriei ere tartea egingo diete. Horrez gain, euren zailtasunak gainditu eta helburuak lortu dituzten pertsonen istorioak ere azalduko dituzte.
Adela Gonzalezek solaskide talde handia izango du bere inguruan, ikuspuntu eta iritzi ezberdinak aurkeztuko dituzten profesionalak: Juan Carlos de Julian, Iñigo Arbiol, Txetxu Ugalde, Nerea Aguado, Maite Eskarmendi, Roberto Forcen, Joseba Fiestras eta Sabin Ipiña, besteak beste.
Bestalde, Andoni Orrantiak azken orduko albisteak eskainiko ditu, eta ikus-entzuleek saiora bidalitako iritzi, ideia eta proposamenen berri emango du.