Itxi

telebista

19:00etan

'Bihar Kontxara!' erreportaje berezia, larunbatean, ETB1en

A.A.

EiTB

Hurrengo eguneko estropadaren atarikoa eta errepaso historikoa eskainiko du.

ETBko kirol erredakzioaren eskutik, 'Bihar Kontxara!' izeneko erreportajea izango da ikusgai larunbatean, 19:00etan, ETB1en. Hurrengo egunean jokatuko den estropadaren atarikoa eta bere historiaren errepasoa egingo dute. Mikel Olazabalek eta Ibon Gaztañazpik aurkeztuta, Eli Areitio arduratu da errealizazioaz eta Asier Gorrotxategi produkzioaz.

Kontxako Banderaren historiari gainbegiratua egiterakoan, izan diren markak, polemikak eta protagonista bereziak ekarriko dituzte gogora. Palmaresari dagokionez, Orio dugu lehen postuan, eta orain arte lortutako banderak erakutsiko dizkigute oriotarrek, tartean Errepublikaren eta Francoren garaikoak.

Estropadarekin lotura estua duten zenbait lagunekin ere izango dira: hamaika garaipen eskuratu dituen Antonio Oliden oriotarrak eta Rafael Agirre Franco CATeko zuzendari izandakoak euren bizipenak kontatuko dituzte.

Igandeko egun handiaren bezperan, Ibon Gaztañazpik aurtengo estropadaren gakoak aztertuko ditu: lehen jardunaldiko momentu onenak, lehian arituko diren taldeen indarguneak eta ahulguneak.

Seigarren urtez emakumeak ere lehiatuko dira Kontxan. Orain arteko bandera guztiak Galiziako taldeek irabazi dituzte, baina aurten, lehen jardunaldian Zumaiak egindako estropada ikusgarriaren ostean, ikusteko dago zer gertatuko den.