Itxi

telebista

Gaur gauean

'Un siglo y 90 minutos' dokumentalaren estreinaldia, ETB2n

A.H.

EITB

Unai Larrea kazetariak zuzenduta, San Mames zaharraren historia eta zerizana bildu ditu ikus-entzunezkoak.

1:10

Un siglo y 90 minutos dokumentala estreinatuko du ETB2k gaur gauean, telebistan. San Mames zaharraren historia eta estadioak urteetan zehar garatu duen izaera sendoa bildu nahi izan ditu saioak. Datorren astelehenean, denboraldiko lehen partida jokatuko da San Mames Barria zelaian, baina Athleticen jarraitzaile guztien oroimenean dago oraindik estadio zaharra eta bertan bizitako une gogoangarriak.

Athletic Klubak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Baleuko ekoiztetxeak egin dute dokumentala, ETBren laguntzaz, eta Unai Larreak zuzendu du. Futbolaren inguruan sortzen diren emozio eta sentipenak batuz, eraikin esanguratsu honen historian zehar bidaiatzera gonbidatuko gaitu saioak. Kirol hitzordu garrantzitsuak ez ezik, kultur eta politika arloko hainbat ekitaldi ere burutu dira San Mames zaharrean.

Ehun urteko historiaren errepasoa egiteko, zenbait topaketa antolatu dituzte estadioan bertan. Topaketok Athleticeko jokalariak eta arerio izan dituzten taldeetako beste hainbat futbolari jarri dituzte aurrez aurre. Halaber, politika, literatura eta musika munduko aurpegi ezagunak, eta Athleticeko bazkideak elkarrizketatu dituzte. Solasaldi horien osagarri modura artxibo irudiak erabiliko dituzte, irudi bitxi eta harrigarriak.

Topaketa horietan parte hartu duten lagunak hauek dira: Johan Cruyff, Iker Casillas, Xavi Hernandez, Vicente del Bosque, Jorge Valdano, Andoni Zubizarreta, Jose Angel Iribar, Rafa Iriondo, Txetxu Rojo, Joseba Etxeberria, Angel María Villar, Julen Guerrero, Josu Urrutia, Carmelo eta Andoni Cedrun, Javier Clemente, Luis Fernandez, Andoni Goikoetxea, Iñigo Liceranzu, Peio Uralde, Jesús Mari Zamora, Carlos Gurpegui, Iñaki Saez, José Eulogio Garate, Joaquin Alonso, Rafa Guerrero, Nerea Onaindia, Susana Guerrero eta Juanlu (San Mamesen izandako azkeneko goleatzaile ofiziala).

Bestalde, elkarrizketatuen artean Jose Luis Bilbao, Iñaki Azkuna, Antonio Basagoiti, Jone Goirizelaia, Joaquin Almunia, Kepa Junkera, Kirmen Uribe, Anton Barrutia eta Eneko Atxa daude, besteak beste.

Un siglo y 90 minutos gaur gauean emitituko da 22:30etik aurrera ETB2n.