telebista
Estreinaldia
'Duelo en la Cocina' saio berria estreinatuko du ETB2k gaur gauean
EITB
Euskadiko eta hainbat herrialdetako produktuak lehian jarriko dituen saioa Sara Gandarak gidatuko du eta 22:30ean hasiko da.
-
'Duelo en la Cocina' saioaren aurkezpena
'Duelo en la Cocina' entretenimendu saioa estreinatuko du ETB2k gaur, irailak 18, 22:30ean. Gastronomia du ardatz Sara Gandara kazetariak gidatuko duen programa berriak. Euskadiko eta hainbat herrialdetako produktuak lehian jarriz, euskal ekoizleen lana ezagutzera ematea du helburu.
Euskal sukaldariak munduko onenen artean daudela jakina da. Baina nolakoak dira Euskal Herrian ekoizten diren produktuak? Goren mailakoak ote dira? Euskadin topa dezakegu Frantzian baino goxoagoa den kroasanik?. Bada gure artean Italiako pasta baino hobeagoa denik?. Alemaniak saltxitxa eta garagardo ederrak ekoizten ditu. Badaukagu Euskadin hobeagorik dastatzerik?
Saio bakoitzean herrialde bat izango dute gonbidatu nagusi, eta bere sukaldaritzako hiru produktu adierazgarri aukeratuko dituzte norgehiagoka egiteko. Hurrengo pausua gurean hiru produktu horiek aurkitzea izango da. Horren ardura izango dute Senen Gonzalez sukaldariak eta Ana Vega gastronomia blogariak. Euskal Herriko bazterrak miatuko dituzte produktu bikainenen bila. Bukatzeko, epaimahaiaren aurrera ekarriko dituzte herrialde gonbidatuaren produktuak eta euskal jakiak, onenak zeintzuk diren erabaki dezaten.
Bilaketa prozesuan, euskal ekoizleen lana eta aukeratutako jakien ekoizpen prozesua gertu gertutik ezagutuko dute Senen Gonzalezek eta Ana Vegak. Eginbehar horretan Mikel Zeberio adituaren laguntza izango dute gainera. Ba ote du Euskadik gastronomiaren goren mailan aritzeko maila?
Darren Williamson eta Aitor Elizegi epaimahaian arituko dira astero. Saio bakoitzean beste bi sukaldari izango dituzte lagun, eta horietako bat gonbidatutako herrialdearen ordezkaria izango da.
Manchesterren jaioa da Darren Williamson, baina egun Bilboko Bitoque jatetxe-tabernako burua da. 18 urterekin Britainia Handiko Sukaldari Gazte Onena izendatu zutenez geroztik, geldiezina izan da sukaldari honen ibilbidea. Martin Berasategui eta Jose Juan Castillo izan ditu maixu, besteak beste.
Aitor Elizegi bilbotarra euskal sukaldaritzaren ordezkari nabarmenetakoa dugu. 1995an zabaldu zuen Gaminiz jatetxean (egun Zamudioko Teknologi Parkean dago kokatuta) eman zituen lehen urratsak, eta ordutik zenbait egitasmo eraman ditu aurrera. Horietako bat dugu Bilboko Bascook jatetxea.
Pausokak eta Euskal Telebistako ekoiztuko dute 'Duelo en la Cocina' saioa, Javier Garcia de Vicuñaren zuzendaritzapean.