telebista
Saio berria
'Implicada' dokurreality berria, Ana Urrutiarekin, ETB2n
A.H.
EITB
Taldeko beste kide baten moduan mugituko da Ana Urrutia ijitoen artean, erotismoaren munduan eta muturreko lan eta egoeratan.
Euskal Telebista 'Implicada' dokurreality berria prestatzen ari da. Ana Urrutia izango du gidari eta muturreko bizimodu, ogibide eta egoerak erakutsiko dituzte. Maria Lopezek zuzenduta, Sortumedia produktoraren ekoizpena da 'Implicada' , eta gure gizartea osatzen duten denetariko mundu eta errealitatetan murgilduko da.
Saioaren jarraitzaileek, Ana Urrutiaren bizipenen bitartez lortuko dute mundu ezberdin hauen egunerokotasunaz jabetzea. Ijitoen komunitate bateko bizimodua, erotismoaren mundua, eta muturreko lanbide eta egoerak dira, besteak beste, Ana Urrutiak erakutsiko dituen bizipenak. Aurkezleak bere bizitzako abentura biziko du horrela, eta aurretik inoiz izan ez dituen sentsazioak azalduko dizkie ikusleei. Egoera eta erronka berrien aurrean, zenbaitetan zaila egingo zaio Ana berari ere, bere sentimenduak kontrolatzea.
Elkarrizketa edo erreportajea baino haratago joango da 'Implicada' saioa. Programa bizia izango da, eta hezur-haragizko pertsonak izango ditu protagonista, euren etxe eta bizitzako ateak irekiko dituzten pertsonak. Ana Urrutia taldeko beste kide bat bezala mugituko da haien artean. Pole dance-eko dantzaria izango da, saltzaile ibiltaria, ebanjelista elizkoia eta baita taxidermista ere.
Aurkezleak gainera, bloga izango du eitb.com-en eta astero, bere bizipenak erakutsiko ditu bertan. Inoiz bizi ez dituen egoera eta gertakarien bilduma izango da, lehenengo pertsonan idatzia.