Itxi

telebista

22:15ean

Euskadi AEBen aurka, gaurko 'Duelo en la Cocina' saioan

EITB

Ipar Amerikako hiru produktu tipiko hartuta lehiatuko dira: hanburgesa, donuta eta chips patatak.

Euskadik beste herrialde bateko gastronomiari egingo dio aurre aste honetako 'Duelo en la Cocina' saioan. Munduko potentzia garrantzitsuenetako batekin izango da aurrez aurre aste honetan, Ameriketako Estatu Batuekin, alegia.

Sukalde amerikarrean hain esanguratsuak diren hiru produktu izango dira erronkaren ardatza: hanburgesa, donuta eta chips patatak. Senen Gonzalez sukaldaria eta Ana Vega blogari gastronomikoa Euskal Herrian barrena ibiliko dira produktuon bila. Bien bitartean, Patrik Kilpatrick Donostian bizi den gozogile amerikarrak, John Whitehouse ‘Los Burgos de Iruña’ tabernako jabearen eta Gregory Schieffer aholkulari gastronomikoaren laguntzarekin, Ipar Amerikako geografian bertan bilatuko dituzte euren produktuak.

Saioaren lehen zatian jakiak bilatzen ibiliko dira. Ana eta Senen hainbat euskal artisau eta ekoizlerekin izango dira kalitate goreneko produktuak aurkitzeko. Aukeratutako produktoreak, ondoren, finalean izango dira, Sara Gandarak gidatutako saioan.

Epaimahai berezitu batek erabakiko du zein den produkturik onena, Euskadikoa edo AEBetakoa, eta ondorioz, zein herrialdek irabaziko duen aurrez aurrekoa. Lau sukaldari entzutetsuk osatuko dute epaimahaia: Darren Williamson ingelesak, Angelita Alfaro sukaldari eta hainbat sukaldaritza libururen autoreak, Mia Burke sukaldari amerikarrak eta Club Allard jatetxe madrildarraren buru Michelin izar bi lortu zituen Diego Guerrero sukaldariak.

'Duelo en la Cocina' saioaren hurrengo ataletan Euskadik Andaluzia eta Erresuma Batua izango ditu aurrez aurre.

Igandetan izango dugu gastronomiarekin hitzordua, 22:15etik aurrera, ETB2n.