telebista
Gaur
'Atotxako ikurrina ezkutua' dokumentala, ETB1en
A.E.
EiTB
1976ko abenduaren 5ean Athleticen eta Realaren arteko derbian ikurrina atera zutenekoa oroituko dute.
Gaur, abenduaren 7an, Atotxako ikurrina ezkutua dokumentala eskainiko du ETB1ek 22:00etan. Jabi Elortegik zuzendu eta Pausokak ekoitzitako lana 1976. urteko abenduaren 5ean Realak eta Athleticek jokatutako futbol derbia du oinarri. Garai hartan, ikurrina ez zegoen legeztatua, baina halere Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribarren eskutik agertu zen futbol zelaian. Une hartako irudia euskaldunon oroimenean grabatuta gelditu da betirako. Baina, zer gertatu zen egun horretan benetan?
Dokumentala, emandako urrats guztiak eta protagonistek izandako zalantza eta beldurrak islatzen eta birsortzen saiatuko da.
Irudiak eta lekukotasunak tartekatuko dituzte. Besteak beste, Jose Angel Iribar, Inaxio Kortabarria, Joxean de la Hoz Uranga eta Salva Iriarte jokalari ohien iritzi eta testigantzak bilduko dtuzte, baita Gorka Reizabal kazetariarena eta Angel Ruiz de Azua argazkilariarena ere.
Gaur egun ikurrina Realaren museoan gordetzen dute. Ekintza hura egin eta bi hilabetera, 1977ko urtarrilaren 19an, ikurrina legeztatu egin zuten.