telebista
23:00etan
'Bertsoaren aldagelan', gaur, ETB1en
A.A.
EiTB
Igandeko finalaren atarian, bertsolaritzaren inguruko hausnarketa egingo du dokumental saio honek, 23:00etan hasita.
Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren finala datorrela eta, publikoaren artean dagoen bertso goseari, jakin-minari, erantzungo dio Bertsoaren aldagelan dokumentala izango da ikusgai gaur gauean, 23:00etan, ETB1en.
Bertsolariak hitza du lanabes, eta, gaia entzutearekin batera, errima-sortak, irudiak eta hitz-familiak datozkio burura. Aukeraketa-lana irudikatzen saiatuko dira Amets Arzallus eta Alaia Martinekin.
Baina bertsolaritzak baditu beste hainbat adar. Bertsolaritzak lortu du molde klasikotik belaunaldi berrietara salto egitea, eta garai berrietara moldatzea eta, beraz, hedatzea. Transmisioaz arituko dira, nola gertatu den: etxean, bertsolari-familietan, bertso-eskoletan... Bertsoak, hortaz, lortu du egungo mundu-ikuskera kontatzeko, zabaltzeko tresna izatea. Bertsotan dabiltzan askok eta askok komunikazioa dute bizibide, eta bertsoa komunikaziorako beste tresna bat da, irudia, gidoigintza eta marrazkilaritza izan litezkeen modura.
Bertsoa, baina, lehia da. Publikoaren aurrean egiten den unetik, bertso-laguna du lehiakide eta konplize. Nor bere buruarekin lehiatzen da, kirolean bezala. Zer du kiroletik bertsolaritzak? Tourreko etapa batean besoak altxatzearekin alderatu liteke publiko aurrean lortutako bertso borobila, edo txapelketan txapela janztea?
Bertsoaren aldagelan gaur emango da 23:00etan, ETB1en.