telebista
Pilota
Eskuz Binakako Txapelketa gaur hasiko da ETBn
A.A.
EiTB
Asteburuan ETBk kirol eskaintza zabala eskainiko du: Binakako Titin III-Merino II / Ezkurdia-Zabaleta partida ETB1en eta eitb.com-en, Bilbao Basket-Laboral Kutxa, futbola, eta herri kirolak.
Asteburuan abian jarriko den Binakako Txapelketari arreta berezia eskainiko dio Euskal Telebistak. Gaur egingo du lehen emanaldia, Eibarko Astelenatik. Bertan, Titin III-Merino II eta Ezkurdia-Zabaleta izango dira nor baino nor gehiago. Jaialdia arratsaldeko bostetan hasiko da, Retegi BI-Merino / Mendizabal III-Pascual partidarekin, eta zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1 eta eitb.com bidez. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute kontakizuna.
Goizean, beste zuzeneko emanaldi bat egingo dute: Endesa Ligako Bilbao Basket-Laboral Kutxa partida, Asier Aranguren, Josean Aldalur eta Juan de la Vega esatarien eskutik.
ETB1ek, gainera, goizean Tolosako zezen plazan jokatutako aizkolari desafioa eskainiko du 16:00etan, herri kirolei eskainitako asteroko tartean. Zaldua eta Arria V.aren arteko apustuan gertatutakoaren berri emango digu Koldo Aldalurrek Joxe Etxebeste lagun duela.
Ohi denez, 19:30etik aurrera Mikel Olazabalek futbol jardunaldiaren errepasoa egingo du "Gol Festa" saioan.
Pilota eta zesta ETBKn
Eguerdiko 12etan, afizionatuen Binakako Euskadiko Txapelketako finalaren kontakizuna egingo du Koldo Aldalurrek ETBKn. Eta 21:10etik aurrera, Beaskoetxea-Eyheregaray / Aimar-Etcheto zesta puntako partida eskainiko da.