telebista
Gaur
Bibitako Irujo-Barriola / Ezkurdia-Zabaleta, ETB1en eta eitb.com-en
A.A.
EiTB
Endesa Ligako bi partida izango dira ikusgai: La Bruixa D'Or-Bilbao Basket goizean eta Rio Natura Monbus-Laboral Kutxa gauean.
-
Irujo
Eskuz Binakako Txapelketaren barruan, Irujok eta Barriolak Ezkurdiaren eta Zabaletaren aurka gaur jokatuko duten partida zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.com-ek. Eibarko Astelena pilotalekuan izango den jaialdia arratsaldeko bostetan hasiko da, J. Retegi-Peñagarikano / Mendizabal III-Rezusta neurketarekin. Hirugarren norgehiagokan, berriz, Gorkak eta Merinok Jaka eta Larrinaga izango dituzte aurrez aurre. Jaialdi horretan Miguel Gallastegi pilotari handiak bere herritarren omenaldi beroa jasoko du. Guztiaren kontakizuna egiteaz arduratuko dira Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Koldo Aldalur.
Bestalde, Endesa Ligako bi partida izango dira ikusgai: 12:15ean, ETB1en, La Bruixa D'Or-Bilbao Basket eta 21:00etan, ETBKn, Rio Natura Monbus-Laboral Kutxa. Xabier de la Fuente eta Josean Aldalur izango dira esatariak eta internet bidez ere jarraitu ahal izango dira.
Zuzeneko emanaldiekin amaitzeko, ETBKn, 18:30ean, igeriketaren urteroko hitzorduari erreparatuko diote: Ordizian jokatuko den Nazioarteko Eguberri Sariari. Iñaki Mikeok egingo du zuzeneko kontakizuna telebistarako eta interneterako.
Pilota, sokatira, zaldi jauziak eta ziklo-krossa
Ohi denez, 16:00etan herri kirolen tartea zabalduko du ETB1ek. Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketaren nondik norakoak ekarriko dizkigu Juanan Legorburuk.
ETBKn, 12:00etan, afizionatu mailako Bizkaiko Txapelketako finalak izango dira ikusgai, Iñigo Aiestaranen eta Karmelo Ariznabarretaren eskutik. 14:00etan, berriz, zaldi jauzien Coruñako sarian gertaturikoak bilduko ditu Pedro Mari Goikoetxeak.
Azkenik, 18:00etan, Euskadiko ziklo-kross txapelketaren laburpena egingo du Fermin Aramendik.

