telebista
Gaur gauean
'La Red Social' filmaren estreinaldia 'La Noche De...' saioan
A.H.
EITB
David Fitcherrek zuzendutako pelikulak Facebook sare sozial ezagunaren sortzaileen historia du oinarri. 'La Noche De...' saioan izango dugu ikusgai, 22:15etatik aurrera.
Euskal Telebistak La Red Social pelikula estreinatuko du ETB2n, Facebooken sorkuntzaren 10. urteurrena betetzear dagoela eta. The Accidental Billioners liburuan oinarrituta dago, eta Mark Zuckerberg sare sozial ezagunaren sortzaile gazteen historia jasotzen du. Urteurrenarekin bat eginez, Euskal Telebistak sare sozialaren hastapenak aztertuko ditu Sare Soziala film sarituaren emanaldiarekin, gaur gauean, 'La Noche de...' saio bereziaren barruan estreinatuko da filma ETB2n.
10 urte beteko dira Facebook martxan jarri zenetik, eta gaur egun, munduko sare sozialik ezagunena bihurtu da. Guztira, 1.110 milioi erabiltzaile ditu, hau da, 12 pertsonatik batek Facebook profila dauka munduan.
Ikastetxe nagusi batean jaio zen Facebook. Bertan, programaketan maisua zen Harvardeko ikasle batek online komunitate berri bat garatu zuen, unibertsitateko ikasleei zuzenduta. Urte gutxi batzuk geroago, historia osoko aberatsik gazteena bihurtu zen. Baina "ez dira 500 milioi lagun egiten, etsairik egin gabe". Lelo horren pean, arrakastak Zuckerbergi ekarri zizkion arazo pertsonal eta legalak aztertuko ditu filmak.
Publikoaren eta kritikaren harrera oso ona izan zuen pelikulak, eta hainbat sari jaso zituen. Hiru Oscar sari izan zituen (gidoi onena, editatze onena eta soinu-banda onena), eta lau Urrezko Globo lortu zituen, horien artean, pelikula onenaren eta zuzendari onenaren sariak. Izan ere, David Fitcher zuzendariaren lanak oso kritika onak jaso zituen, Facebook unibertsoaren konplexutasun estetiko eta narratiboa pantailaratzen egindako lan apartarengatik.
Sare Soziala, gaur gauean, 'La Noche de...' saioan, ETB2n.