telebista
22:15ean
Infantaren inputazioa izango du ardatz, gaur, '60 Minutos' saioak
Cristina infantaren bizitzaren errepasoa egingo du ETB2ko saioak, Vanessa Sanchezen gidaritzapean, gaur, 22:15ean.
Otsailaren 8an, Espainiako Cristina infantak inputatu gisa deklaratuko du, iruzur fiskala eta dirua zuritzea egotzita. Castro epaileak bigarren aldiz inputatu du infanta. '60 Minutos' saioak haren bizitzaren errepasoa egingo du, Vanessa Sánchez aurkezleak gidatuta. Gaur, 22;15ean, ETB2n izango dugu ikusgai.
Infantaren haurtzaroa eta nerabezaroa aztertuko ditu programak, baita Euskal herriarekin duen lotura ere. Gasteizekin du lotura bereziki, Iñaki Urdangarin eskubaloi jokalari ohiarekin ezkondu zenetik. Senarrari eman dion babes mugagabea, egun bizi duten egoera pertsonala eta prozesala, eta bikotearen etorkizuna ere izango dituzte aztergai saioan.
Cristina Borboikoa ezagutu duten hainbat pertsonaren hitzak bilduko ditu: Consuelo León idazleak, infantaren biografia baimendua idatzi duenak, eta Maria De Las Mercedes Borboikoak, Gasteizen bizi den infantaren bigarren lehengusu txikiak, hartuko dute parte asteleheneko '60 Minutos' saioan. Gainera, hainbat adituren iritziak ere bilduko dituzte, tartean, Jaime Peñafiel eta Pilar Rahola kazetarienak, eta Iñaki Anasagasti eta Ramón Rabanera senatarienak.
Infanta batek historian izan duen lehen inputazioa da, eta Espainiako errege familian eta monarkia-instituzioan eragina du. Infantak dituen eskubide dinastikoei uko egin beharko lieke? Espainiako erregeak horretara behartu beharko luke, agenda instituzionaletik at dagoela kontuan hartuta? Dibortziatu egin beharko luke bere irudia garbitzeko?
Gaur gauean, 22:15ean, '60 Minutos' saioan aztertuko dituzte gai horiek guztiak.