telebista
Gaur
Saskibaloia, pilota eta herri kirolak, EiTBko kirol eskaintza
A.A.
EiTB
Cai Zaragoza-Bilbao Basket, Herbalife G. Canaria-Laboral Kutxa, Errota Harria eta Titin III-Merino II / Xala-Zubieta.
Kirol eskaintza betea dakar EiTBk gaurko. Saskibaloia, pilota eta herri kirol emanaldiak egingo dira, eta 22. futbol jardunaldiaren errepaso zabala ere bai.
Bi saskibaloi partida izango dira ikusgai: Cai Zaragoza-Bilbao Basket, 12:15ean, ETB1en, eta Herbalife G. Canaria-Laboral Kutxa, 13:15ean, ETBKn. Asier Aranguren eta Josean Aldalur batetik, eta Xabier de la Fuente eta Aitor Uriondo bestetik, izango dira esatariak. Biak eitb.com-en ere jarraitu ahal izango dira.
16:00etan, ETB1en, herri kirolen tartea zabalduko dute, urtarrilaren 26an Iraetan jokatutako Errota Harria eskaintzeko. Koldo Aldalurrek egingo du kontaketa.
Jarraian, pilota emankizuna hasiko da zuzenean Logroñoko Adarragatik. Hiru partidak osatuko dute jaialdia: Victor-Untoria / Jaka-Rezusta, Titin III-Merino II / Xala-Zubieta eta Mendizabal III-Tolosa / Tainta-Mendizabal II. Atariko partida eta neurketa nagusia, txapelketakoa, ETB1en izango dira ikusgai, eta hirugarrena, berriz, ETBKn. Jaialdi osoa eitb.com-en emango da. Kontakizunaren arduradunak, ohi denez, Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira.
Futbolari eskainitako 'Gol Festa' saioak bi edizio izango ditu igande honetan ETB1en, 19:30ean eta 22:50ean. Iluntzean jardunaldiaren azterketa egingo dute hasteko, eta Realak At. Madrilen aurka Vicente Calderonen jokatuko duen partidari erreparatuko diote geroxeago, 20:45ak aldera. Gauekoa, berriz, Athletic-Real Madril neurketari eskainia egongo da. Mikel Olazabal izango du gidari saioak.
Azkenik, 20:30ean, ETBKn, Munduko Pala Txapelketako finalerdia izango da ikusgai: Gaubeka eta Garcia nor baino nor gehiago. Iñigo Aiestaranek eta Iñigo Oiartzabalek egingo dute kontakizuna.