telebista
Itziar Atienzak aurkeztuta
'Sukaldari'ko lehiakideen arteko tentsioa gero eta nabariago, gaur
EITB
Inoiz baino 'beroago' dagoen sukaldean zapoa prestatu beharko dute lau sukaldari amateurrek.
Sukaldarien arteko tentsioa eta haserreak oso nabarmenak izango dira, gaur, 'Sukaldari' saioan. Lau lehiakideek zapoa oinarri duten errezetak prestatu beharko dituzte gaurko saioan eta Alvaro Garrido Bilboko Mina jatetxeko sukaldariaren bisita izango dute. 22:15ean, ETB2n izango dugu ikusgai.
Lehiakideak
Lehen bi saioetan, Sara eta Gorka kanporatu zituzten, eta, orain, Esteban, Nerea, Sonia eta Iban lehiakideak arituko dira nor baino nor gehiago. Lehen fasearen finaletik gero eta gertuago daudela ohartuko dira lau sukaldari amateurrak, eta hemendik aurrera, aurkari gisa jokatzen hasiko dira, eta sukaldeko giroa ohi baino 'beroagoa' izango da. Ramon eta Ander irakasleek lehiakideei egingo dizkieten ebaluazioek eta erabakiek giroa askoz gehiago 'berotuko' dute.
Ibanek ikasteko gogoekin jarraitzen duela erakutsiko du; Nereak sukalderako asko balio duela erakutsi nahi izango die bere irakasleei eta beste lehiakideei; Esteban eta Sonia, ordea, bete-betean murgilduko dira lehiaketan.
Probak
Esteban, Nerea, Sonia eta Iban lehiakideek zapoa protagonista izango duen abilezia proba gainditu beharko dute .
Taldeak osatzean etorriko dira ezusteak, orain arte zuten lan egiteko modua edo ohitura aldatu behar dutelako. Tentsioa eta urduritasuna izango dira nagusi, halaber, taldekako proban. Bai talde gorriak bai berdeak zapoa erabili beharko du bi plater prestatzeko, Ramon Roteta eta Ander Gonzalez 'Sukaldari'ko irakasleen aginduei jarraiki.
Alvaro Garrido
Amaierako probarako, lehiakideek Mitxelin izar bat duen Bilboko Mina jatetxe ospetsuko sukaldariaren bisita izango dute. Alvarok, euskal gastronomiaren oraina eta etorkizuna, sukaldean aritzeko kontuan hartu beharreko hainbat gomendio emango dizkie parte-hartzaileei.
'Sukaldari' gaur gauean izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n.