telebista
Gaur, zuzenean
Olaizola II-Aretxabaleta / Berasaluze II-Albisu, ETB1 eta eitb.com-en
A.A.
EiTB
Gipuzkoa Basket eta Valencia Basket arteko saskibaloi partida ere emango da.
Zuzeneko bi kirol emanaldi egingo dituzte ETB1ek eta eitb.com-ek gaur. Endesa Ligako Gipuzkoa Basket-Valencia Basket partida izango da lehenengoa, 12:15ean, Asier Aranguren, Josean Aldalur eta Juan de la Vega esatarien eskutik.
Bigarrena, arratsaldeko bostetatik aurrera, 'ETB Kantxa' saioaren barruan: Eibarko Astelena pilotalekuko jaialdia. Julen Retegi-Larrinaga / Apezetxea-Pascual partidarekin hasiko da. Ondoren, txapelketako kanporaketa izango da jokoan: Olaizola II-Aretxabaleta eta Berasaluze II-Albisu nor baino nor gehiago. Hirugarren neurketa Tainta-Iza eta Victor-Untoria bikoteek jokatuko dute. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute kontakizuna, ETB1en lehendabizi eta 19:30etik aurrera ETBKn.
19:30ean 'Gol Festa' saioa hasiko da hain justu. Futbol jardunaldiaren errepaso zabala egingo du Mikel Olazabalek kirol erredakzioko kazetariek lagunduta.
16:00etan, ohi denez, herri kirolen tartea zabalduko dute ETB1en, goizean Mendaron jokatutako aizkolarien Eusko Label sariko lehen finalaurrekoa eskaintzeko. Koldo Aldalurrek eta Jose Etxebestek emango dute bertan gertatutakoaren berri.
Azkenik, 20:30ean, ETBKn, bezperan Hernanin jokatutako erremonte partida izango da ikusgai: Urriza-Barrenetxea IV / Uterga-San Miguel. Iñigo Aiestaranek eta Manuel Arrizabalaga Matxinek egingo dituzte esatari lanak.