telebista
Literatura saioa
Juan Gelman poeta argentinarraz, 'Sautrela'ko erreportajean
A.E.
EiTB
Hasier Etxeberriak Harkaitz Zubiri elkarrizketatuko du.
Aste honetako saioan, alde batetik, Juan Gelman izango dute hizpide 'Sautrela'ko erreportajean. Poeta argertindar zendu berriak ibilbide luze eta oparoa osatu zuen poesiaren baitan, eta espainieraz idazten zuen azken urteetako poeta esanguratsuenetako bat genuen. Bizitza gorabeheratsua izan zuen, besteak beste, bere engaiamendu politikoaren ondorioz. 1976ko Argentinako estatu kolpearen ondorioz exiliatu behar izan zuen eta hainbat herrialdetan ibili ondoren Mexikon laketu zen. Urte luzetan bizi izan zen Mexikon, hainbeste ezen bere bigarren aberritzat jo baidaiteke. Argentinako diktaduraren garratzak, ordea, exiliora ere jazarri zuen. Semea eta alaba desagertarazi zizkion erregimenak, bere errain haurdunarekin batera. Fakun Aznarez eta Jose Luis Padronek Gelmanen bizitzari eta obrari buruzkoak iruzkinduko dizkigute. Gelmanen garrantzia Argentinako kulturaren eta poesian zein izan den, zelako garapena izan duen bere obrak, eta abar.
Elkarrizketan, Harkaitz Zubiri izango dugu gurekin. Orain arte idazle moduan genuen ezagun geurean, bere narratiba lanengatik, baina oraingoan soziologo gisa etorriko zaigu. Izan ere, ikerketa bat argitaratu berri du Uztaro aldizkarian non euskal literaturaren irakurlea ezaugarritzen saiatzen den. Gai hori berariaz aztertuko duen ikerketa sakon baten faltan, beste zenbait azterketan oinarritu da ondorio batzuk lortzeko. Zenbat irakurle ote ditu euskal literaturak? Nolakoak ote dira? Ze adin tartekoak dira gehiengoa? Ze generotakoak? Ze ikasketak dituzte? Galdera horiek guztiak erantzuten ahaleginduko zaigu, bada, Zubiri.
Beñat Sarasolaren tartean ipuin liburu bat izango dute: Juan Garziaren Itzalen itzal. Itzultzaile moduan ibilbide zabala egindakoa da Garzia, baina sormen lan azpimarragarri askoak idatzitakoa da halaber; horietako baten inguruan arituko zaigu, honenebestez, Sarasola. 1993an argitaratutakoa, ipuin soltez osatutako liburua ezik, ipuin liburu osoa da, narrazioen artean loturak dituena.
Hori guztia izango dute, beraz, larunbatean 15:00etatik aurrera; betiko moduan, 'Sautrela' bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.