telebista
Kronika
Ikerrek abentura utzi du, Amaiaren aurkako dueluan pareko ibilita
Jorgek ibaira buruz behera salto eginda izandako zuhurtzia falta abenturan hamar urteotan izandako sustorik handiena izan da. Jorge orain etxean da jada, abenturatik kanpo.
Jorgek buruarekin eman zuen harkaitzen kontra, baina, kolperik arriskutsuena haren ornoetako batek hartu zuen. Lesioak kalte konponezinak eragin ditzake; madrildarraren sendotasuna, taldekideen jokaera azkarra eta lasaia, eta saioko mediku taldearen abilezia tarteko, ez zen ezer larriagorik gertatu. Zorionez, Arik eta bikiek badute esperientzia sorosle lanetan eta Jorgeren bizkarra egonkortzea lortu zuten lehenengo minutuetan. Sekulako sustoa izan zen. Jorge orain etxean da jada, abenturatik kanpo. Saioko faboritoetako bat zen, ez bakarrik David Seco eta taldekideentzat; bere lehentasuna, gainera, saioaren hamargarren edizio hau irabaztea zen. Ezingo da horrela izan, baina bizi osorako kalteak eragin zitzakeen ezbeharra saihestu duela ikusita, badu pozik egoteko moduko arrazoirik.
Azken ataleko beste protagonistetako bat Iker izan da. Amaiaren aurka egindako duelua nahiko parekatua izan zen. Bere koloreko puzzlea osatzeko, banderatxora irudi gabeko fitxa bat igotzen tematu zen eta agian horixe izan zen gakoa. Korta ere ez zen oso fin ibili dueluan. Hark uste baino askoz gehiago iraun zuen eta ia beti gelditu da taldeko gatazketatik kanpo eta Immunitatearen Jokoetan parte hartu gabe. Amaiak, bestetik, askoz ausartago jokatu zuen eta gogo handiz egin zion aurre dueluari. Amaia kanpamentura bueltatzeak, baina, ez zuen festa girorik eragin. Argi dago kapitainek ez beste guztiek nahiago zutela Iker bueltatzea guaranien kanpamentura.
Tirabira Jaguareteen bileran
Jaguareteen bileran argi gelditu zen taldeko liskar nagusia honako hiruko honek eragiten duela: Amaia/San/Rebeka. Azken biek ezin dute jasan kapitainen gogokoena gipuzkoarra izatea. Hortaz, lausengarria izatea leporatzen diote eta Amaiak aurka egiten die; baina, ia beti izendapenek izaten dute azken hitza. Batera zein bestera, Eneko eta Leon duelua jokatzetik libratu dira berriz ere. Dinamika horrekin jarraitzen badute, neskek erraz jarriko diete sendoei bateratzeko fasera heldu arteko bidea.
Arrazoi bat edo beste dela, Korta haserre bizian dabil. Jokoagatik edo izendapengatik ez bada, janariagatik eztabaidatuko du oriotarrak. Jateko orduan dituen ohiturak taldekide guztiek bere egitea nahi du Kortak. Lehengo zukua hartzen da eta, ondoren, arroza. Baina, inori ez zaio ondo iruditzen, Juanitori batez ere. Kapitain bien arteko giroa geroz eta traketsagoa dela dirudi. Bere onetik aterako ote dira? ‘El Conquistador del Fin del Mundo 10’ saioaren datozen ataletan ikusiko dugu.