telebista
ETB1en
Mamitsu, labur eta argi, 'Tribuaren Berbak'en arrakastaren giltzak
A.E.
EiTB
Kike Amonarrizek asteazkenean ordutegi nagusian aurkezten duen saioak Zuberoara eramango gaitu aste honetan.
'Tribuaren Berbak' saioak ekuatorea gainditu du dagoeneko, eta bikain pasa gainera. Harrera ezin hobea izaten ari da euskararekin zerikusia duten denetariko alderdiak jorratzen dituen saioa, asteazken gauetan, 22:15ean. Oraindik ere gai interesgarri asko dituzte jorratzeko: Zuberoa, Euskara 2039, hitza jolas, emigrazioa, batua eta euskalkiak… batzuk aipatze arren.
Kike Amonarriz saioaren zuzendari eta aurkezleak programaren erantzun ona azpimarratu nahi du. Apustu garrantzitsua izan da ordutegi nagusian ematea, eta oihartzuna positiboa izan da. "Bai zenbakien aldetik, audientziak bataz beste nabarmenak izan direlako, eta baita jasotako kritika eta jendearen iritzien aldetik ere", kontatu du Amonarrizek. Urtarrilean jasotako Argia sariak ere onespen eta aitormena eman dio saioari.
'Tribuaren Berbak' saioaren armarrian mamitsu, labur eta argi hitzak zizelkatuta daudela adierazi du programaren zuzendariak. Horiek izango lirateke oinarrian saioaren ardatz eta arrakastaren giltzak, baina badaude beste osagai batzuk ere. Eduki interesgarriak lantzen ditu saioak. "Ikuspegi ezberdin batetik jorratzen da saio bakoitza: ideia baten inguruko saioak daude, sektorialak, gai bat ardatz dutenak, narratiboak, komunikazioarekin lotura dutenak eta geografikoak", kontatu du Amonarrizek. "Saioaren helburua, atal bakoitzean gaiaren ikuspegi panoramikoa eskaini, interesa sortu eta pistak ematea da, norberak gero sakondu dezan".
Orio ekoiztetxeak ETBrentzat egiten duen saioa dinamikoa da oso: errealizazio elementuak, irudi grafikoak, ondo harilkatutako gidoi narratiboa, erritmoa, aukeratutako irudi eta planoak… Horiek guztiak ere saioa errez ikusteko bidea ematen dute. Halaber, saioetan duten jende aritu, aditu, ezagun eta ezezagunak ere aberasten du saioa. "Denetariko elkarrizketatuak eta asko ditugu", kontatu digu Amonarrizek.
Asteazken honetako saioa Zuberoari buruzkoa izango da. Zuberoaren barrena Argitxu Camus saioaren kolaboratzailea izango dute anfitrioi. Zuberera izango du hizpide Jean-Baptiste Coyos euskaltzainak eta, euskalki horren ezaugarriak aipatzeaz gain, zubererazko hiztegi txikia ere azalduko du. Artzen Letona Xiberuko Botza irratiko esatariak gazteen egoeraz eta hedabideen gainean hitz egingo du; eta Jean-Jacques Etcheverry, berriz, Zuberoako egoera sozio-ekonomikoaz arituko da. Carlos Costa uruguaiarra ezagutuko dugu, Amerikan izanda zuberera ikasi eta erabiltzen duen gaztea. Azkenik, Xantiana Etchebestek Zuberoako kultur bizitzaz hitz egingo du.
Euskara 2039 atala izango dugu ondoren, eta, bertan, 25 urte barru euskararen egoera nolakoa izango den hausnartuko dute. Patxi Baztarrika Euskara sailburuordearekin, Lourdes Auzmendi sailburuorde ohiarekin eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariarekin mintzatuko dira atal honetan. Soziologoaren ikuspegia emango du Iñaki Martinez de Lunak, eta Karmelo Ayestak, Goza daiteke gehiago: euskaldun baten hizkuntza-bidaia liburuaren egileak, euskalduntzearen inguruko bere tesi originala azalduko du.