telebista
Euskal derbia
Athletic-Real derbiari arreta berezia ETBn
A.A.
EiTB
Gaur arratsaldean San Mamesen Athleticek eta Realak jokatuko duten derbia Euskal Telebistaren kirol tarteetako arretagune nagusietakoa izango da.
Gaur arratsaldean San Mamesen Athleticek eta Realak jokatuko duten derbia Euskal Telebistaren kirol tarteetako arretagune nagusietakoa izango da. 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek bi taldeen azken ordukoa kontatuko dute, eta Bilboko kaleetan bizi den giroa ere bilduko dute. Baina, horrez gain, beste hiru emanaldi berezi egingo ditu ETB1ek.
gaurko 'Gol Festa' saioan ere luze eta zabal jardungo dute Athletic-Real derbiaz. Mikel Olazabalek gidatzen duen saioa 19:30ean hasiko da, eta lehen zati horretan, arratsaldean jokatutako partida izango dute ardatz. Laburpena, protagonisten hitzak, giroa, zaleen iritziak eta abar eskainiko dituzte.
Albistegiaren eta eguraldiaren ostean ekingo dio 'Gol Festa'k bigarren zatiari, 20:45ean. Derbiaren errepasoa egin ostean, Ligako titulurako borrokaz mintzatuko dira: Real Madril, Bartzelona eta At. Madril taldeen artean lehia bizi-bizi dago. Jaitsiera postuetan, berriz, burua altxatu ezinik, Osasuna dugu. Espanyolen aurkako neurketa nola joan zaion jakingo dugu. Eta azkenik, Bigarren Mailari errepasoa egingo diote, Alavesen norgehiagoka tartean dela.
'Gol Festa' amaituta, 'Euskal Herria Zuzenean' saio berezia gidatuko du Ibon Gaztañazpik, euskal derbia hizpide hartuta. Pozas, Zazpikaleak eta San Mames inguruko giroa bilduko dute, baita zuzendaritzaren bazkariko irudiak ere. Athleticeko jokalariak Carlton hoteletik irten diren unea erakutsiko dute, eta Bilbora joandako Realzaleen bila joango dira. Zaleen laguntzaz, halaber, jokalari sexienen zerrenda osatuko dute.
Koikili eta Lopez Rekarte bi taldeetako jokalari ohiekin, derbi historikoak ekarriko dituzte gogora, eta ostiraleko Bertso Derbiaren laburpena eskainiko dute.
Azkenik, bi taldeen azken entrenamenduetan egongo dira, Lezaman eta Zubietan, eta partidaren ostean, zaleen iritziak bilduko dituzte.